Euskadiko Orkestrako langileek mobilizazioekin jarraituko dute enpleguaren defentsan eta lan baldintzen alde

2017/11/29
Euskadiko Orkestrako langileek mobilizazioekin jarraituko dute enpleguaren defentsan eta lan baldintzen alde
Euskadiko Orkestrako zuzendaritzaren negoziazio borondate eza dela eta, langile asanbladak aho batez erabaki du 2017ko azaroaren 18an hasitako mobilizazioei jarraipena ematea. Bazkideen kontzertuetan ere mobilizatuko dira konzentrazioen bitartez, betiere, kolektiboaren eskaerak sozializatzeko. Hona hemen hurrengo ekitaldiak: abenduaren 1ean Donostiako Kursaalean eta abenduaren 2an Gasteizko Antzoki Nagusian.

Gatazka aspaldi hasi zen, 2010. urtean. Zuzendaritzak 4 lanpostu desagertarazi zituen eta honekin batera, lan baldintzak prekarizatzeko erabakia hartu zuen, sortzen ziren hutsuneak ez betetzeko erabakia hartu zuelako (jubilazioak, amatasun lizentziak, lanaldi murrizketak, bajak, etabar). Sortzen ziren hutsuneak, neurri handi batean, 6000€tako masterra ordaintzen duten ikasleekin bete dira, legez kontra.

Erabaki horrekin, Orkestrako zuzendaritzak 1,5 miloi eurotik gora aurreztu du langileen soldatetan.

Negoziazio mahaian inongo aurrerapenik gabe urtebete baino gehiago igaro ondoren eta akordio bat lortu asmoz 4 greba egun deitzea erabaki zuen langilegoak. Akordiorik ezean, mobilizazioekin jarraituko zela argi geratu zen. Hau horrela izanik, Orkestrako langileek adierazi nahi dute greba ez dela inoren aurkakoa izan. Hauen nahia, gaur egun zuzendaritzak inposatutako murrizketak ezerezean uztea da.

Halaber, Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusi Oriol Roch-en negoziatzeko borondate eza ere salatu nahi du plantillak, besteak beste grebaren lehen eguneko bezperan Lan Harremanen Kontseiluan deitutako bilerara azaldu ez zelako.

Euskadiko Orkestrako langileak bazkideen kontzertuetan ere mobilizatuko dira, konzentrazioen bitartez kolektiboaren eskaerak sozializatzeko. Hurrengo ekitaldiak abenduaren 1ean Donostiako Kursaalean eta abenduaren 2an Gasteizko Antzoki Nagusian izango dira.

Langilegoaren eskaerak jasoko dituen eta bermea duen akordiorik sinatu bitartean mobilizazioek jarraituko dute eta mobilizazio hauen artean nahitaez greba egun gehiago ere izango dira.