Euskotren
Euskararen ezagutzaren eskakizuna murriztearen aurkako elkarretaratzea deitu du ELAk Bilbon

Euskotrenek planteatu du B1 hizkuntza-eskakizuna nahikoa izatea enpresa publikoan lan egiteko -orain arte B2 eskatzen zen-. ELAren ustez, "guztiz onartezina" da hori, ez litzatekeelako beharrezkoa izango euskara nahikoa jakitea langileek zerbitzua euskaraz emateko eta euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzeko. Aldaketa hori gauzatzeko asmoa duela jakin du sindikatuak Euskotrenek enpresa batzordeari aurkeztu berri dion euskara errekerimenduei buruzko dokumentua irakurri eta gero.
ELAk gogorarazi du 2013tik gaur arte euskararen gutxieneko baldintza B2 izan dela, Euskotrenen akordioetan urtez urte berretsita. Horrela, eta euskaldunek oraindik euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea bermatuta ez duten une honetan, sindikatuak oso larritzat jo du Euskotrenek atzera egitea dakarren proposamen bat egin izana, are gehiago jakinda enpresak euskararekiko konpromisoa jasota duela Konpromiso Sozial Korporatiboen artean.
Gainera, gai honek sor dezakeen gatazkaren jakitun, enpresak hitzarmen kolektibotik kanpo utzi nahi du euskararen eskakizunei buruzko eztabaida.
Gauzak horrela, ELAk ezinbestekotzat jo du euskararen baldintzei buruzko eztabaida lehen lerroan jartzea eta hitzarmenaren negoziazioan sartzea, horrela bakarrik baldintzatu ahal izango baitira behar bezala hitzarmenaren edukiak. "Enpresak aurkeztutako proposamenaren ondoren, premia hori are nabarmenagoa da", azpimarratu du.
ELAk ziurtatu du ez duela onartuko euskara bigarren mailako eztabaida izatea, ezta euskararen normalizazioan eta administrazio publikoen euskalduntzean atzerapausorik ekarriko duen proposamenik ere.
Norabide berean, hainbat agenterekin harremanetan jarriko dela aurreratu du, presioa areagotzeko.