Euskaraz negoziatu ahal izan dute, Lan Harremanen Kontseiluak itzulpen zerbitzurik eskaini ez duen arren
Gaur, irailak 10, Bizkaiko Esku-hartze Sozialaren negoziazio bilera egin da Lan Harremanen Kontseiluan (LHK). Beste behin ere, LHK-k mahaiko ordezkarien esku utzi du bileraren hizkuntza hautua, aldi bereko itzulpen zerbitzua bere gain hartu gabe; azkenean, ELAk eskaini du hori. Sindikatuak oso larritzat jo du hori, erakunde publikoa baita LHK. Are gehiago, azpimarratu du, kontuan hartuta Eusko Jaurlaritzak eta beste erakunde publiko batzuek itzulpen zerbitzua badutela eta LHKk zerbitzu horien bidez negoziatzaileen hizkuntza-eskubideak berma zitzakeela behin betiko konponbidea bilatzen ez zen bitartean.
Gauzak horrela, aurrerantzean ELA ez da arduratuko erakunde publikoen bermeez, eta euskaraz negoziatzeari ekingo dio, beste batzuek gaztelaniaz egiten duten moduan.
Era berean, uste du LHKren jarrera kontraesankorra dela, "ahal denean" itzulpen laguntza eskainiko duela baitio, sindikatuen eta patronalen esku utzi ondoren hizkuntzen tratamendua, baina ez du eperik zehaztu laguntza horretarako. "Hau da, etorkizunari begira duen erantzukizuna onartu du, baina epe laburrean hizkuntza eskubideak urratzen jarraitzea erabaki du", salatu du sindikatuak.
Uztailaren hasieran, ELAk eskaera bat aurkeztu zion Lan Harremanen Kontseiluari (LHK), hitzarmen sektorialen negoziazioetan osatutako aldibereko itzulpen zerbitzu bat abian jartzeko, euskaraz negoziatu nahi duten pertsonen hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko.
Mahaian dauden beste sindikatu gehienek euskaraz negoziatzeko eskubidea berresteko konpromisoa hartu dute, eta patronalak onartu egin du negoziazioa bakoitza bere hizkuntzan egin ahal izatea.