Eusko Jaurlaritza Justizia Administrazioko lanpostuetako lansari-balioespena egitera beharturik dago

2019/05/27
ELAk Auzitegi Gorenean kasazio-errekurtso bat irabazi ondoren, sektorean indarrean dagoen akordioa bete beharko du Eusko Jaurlaritzak, eta horren araberako balioespenaren bidez Euskal Administrazio Publikoaren mailen batez bestekoaren antzeko soldatak eta banaketak ezarri beharko ditu. Guztira, 15 milioi euro ordaindu beharko ditu. ELAren asmoa argi dago: Justiziako langileek, Eusko Jaurlaritzaren menpeko gainerako langileekin alderatuta pairatzen duten soldata-diskriminazioa ezabatzea; baina Eusko Jaurlaritzaren borondaterik ezagatik auzitara eraman behar izan ditugu ez-betetze hau eta beste batzuk. Orain, epai honen ostean, Jaurlaritzak balioespen-prozesu bat abiarazi beharko du, Justiziako enplegatuek gainerako enplegatuen aldean pairatzen duten diskriminazioa behingoz ezabatzeko.

ELA beti agertu da prest lanpostuen balioespen-prozesu baten negoziazioari ekiteko eta bere garaian itundu zen soldata-parekatzea amaitzeko. Lanpostuen balioespen hori eginda egon behar zen 2012rako, Justiziako Kidego Orokorretako 2.400 funtzionario ingururi dagokionez; eta 2010erako, Mediku Forentseen Kidegoari dagokionez. Beraz, eta kategoriaren arabera, Euskadiko Justiziako pertsonalak, batez bestez, jaso behar zuena baino %20 gutxiago jaso du orain arte; munta hori urte bakoitzeko 15 milioi eurokoa ere izan daiteke. Hori dela-eta, ELAk agindu judiziala berehala betetzeko eskatzen du.

Barakaldoko bulego judizialeko Lanpostu Zerrendaren aurka ELAk jarritako erreklamazio baten emaitza da epai hau, baina doktrina finkatzen duenez, Estatu osoko Justizia Administrazioari eragiten dio. Hori horrela, Justiziako langileei egindako murrizketa ugarietako bat lehengoratu da. Izan ere, Euskal Administrazio Publikoko pertsonalaren aldean, Justiziako langileek %20ko galera izan dute eros-ahalmenean. Auzitegi Gorenak ELAri eman dio arrazoia, eta ezarrita utzi duenez lanpostu-zerrendak prestatzean ezinbestez lanpostu guztien berariazko osagarriaren zenbatekoa zehaztu behar da, banako balioespena eginez, eta haietako bakoitzaren zailtasun teknikoa, dedikazioa, erantzukizuna, bateraezintasuna, arriskua eta nekagarritasuna kontuan hartuz.

ELAk gogora ekarri nahi langileen lan-baldintzak arautzen dituen oraingo akordioak (2010ean sinatua) agintzen duena: lanpostuen balioespenaren ondorioz "euskal administrazio publikoko mailen batez bestekoaren antzeko soldatak eta banaketak ezarri behar dira". Parekotasun hori ez da gauzatu, nahiz eta Erkoreka sailburuak, 2013ko azaroan, Eusko Legebiltzarrean adierazi zuen lanpostuen balioespenaren inguruan bete gabe zeuden puntuak hurrengo hilabeteetan beteko zirela. Ez du bere hitza bete.