Eusko Jaurlaritzak enpleguaren arloan egindako proposamenarekin (10.000 lanpostutako LEPa legealdia amaitu arte) ozta ozta ordezkatuko dira legealdi honetan erretiratuko diren langileak

2017/09/29
Mahai Orokorraren esparruetan 17.500 lanpostu publiko inguru suntsitu dira, hiru langiletik bat behin-behinekoa da, eta zerbitzuen esternalizazioa ohikoa da. Gure datuen arabera legealdi hau amaitu baino lehen 9.000 bat langile erretiratuko dira, eta behin-behineko langileen plantilla 35.000tik gorakoa da. Bestalde, ELAren iritziz sektore publikoko langileen eros-ahalmena %15ean murriztu dela kontuan izanik, Soldatak %1,5 ean igotzeko proposamena ez da serioa.

Gobernuak 10.000 postuko EPE bat proposatu du gaurko bileran legealdi amaiera arte (iadanik martxan baitago 3.500 lanpostutakoa) Mahai Orokorraren eraginpeko esparruetan “banatzeko”. EAEko sektore publikoaren egoera nolakoa den ikusita, ELAren ustez, proposamen horrek agerian uzten du gobernuaren apustua zein den: euskal sektore publikoa desmuntatzea.

ELAk bere ezetza eman dio proposamen horri, eta Mahai Orokorraren esparruetan (Osakidetza, Irakaskuntza, Ertzaintza, Administrazio Orokorra, zerbitzu publikoak...) azken urteotan suntsitu diren 17.500 postuak berreskuratzeko adinako enplegu publikoko eskaintzak eskatu ditu. Era berean, EAEko esparru publikoan 30.000 kalitatezko postu birjartzeko eta finkatzeko prozesu-deialdiak berehala egiteko eskatu du.

Urkulluren gobernuak soldata eta baldintza sozio-laboralen arloan egin dituen proposamenak, adar jotze hutsa dira. %1,5eko soldata-igoerak, iadanik %15eko galerak metatuta dituzten herri langileei beste galera bat dakarkie. Itzarrirentzako ekarpenak berriro egiteko proposamena, berantiarra ez ezik, 2011n finkaturiko ekarpena baino 6 aldiz txikiagoa da (Lehenago %3koa, Gobernuak orain %0,5a).

Arlo horietan guztietan ELAk berriro eskatu dio Eusko Jaurlaritzari orain arteko joera aldatzeko, eta baldintza sozio-laboralak hondatu beharrean, negoziazio kolektiboa errespetatzeko, Mahai Orokorraren azken akordioak osoki betetzeko (Itzarri, erretiro-primak... barne), eta kendutako gainerako lan-baldintzak berreskuratzeko, besteak beste, gaixotzeko zigorra atzera botaz.

ELAtik uko egiten diogu gobernuaren planteamendu honi, eta Mahai Orokorraren eraginpeko langileei dei egiten diegu lantokietan mobilizazioak antolatzeko, modu hortan EAEko osasungintzari, hezkuntzari, segurtasunari, enpleguari eta administrazio publikoko langileen lan-baldintzei kalte larria eragiten dien politika horien aldaketa bultzatuz.