Eusko Jaurlaritzak ez du pausorik eman nahi hezkuntzako Sukalde eta Garbiketako lan egoera larri eta prekarioari konponbide eman eta pribatizazioa ekiditeko

2017/10/10
Egiturazko 50 lanpostutik gora iruzur kontratuen bidez betetzen jarraitu nahi du, behin-behinekotasuna %63an mantendu, lan-kargak areagotu, lan-kategoriak gutxienekoan utzi eta murrizketak betikotu. Gaur Gasteizen izandako bileran, Hezkuntza Sailak ez du proposamenik egin sukalde eta garbiketako langileen kolektiboek pairatzen duten lan egoera larri eta prekarioari konponbide bat aurkitzeko. Bestalde, Hezkuntza Sailak ez du proposamenik egin bi sektore hauen etengabeko pribatizazioarekin amaitzeko.

Lanean diharduten sukaldarien artean behin-behinekotasuna %62koa da (291 behin-behineko), eta garbitzaileen artean, %66koa (221 behin-behineko). Haatik, Jaurlaritzak ez du lanpostu hauek egonkortzeko inolako proposamenik egin. ELAk urteak daramatza behin-behinekotasuna murrizteko egonkortasun plan bat eskatzen, baldin eta bi sektore hauen pribatizazioa ekidin nahi bada.

Pribatizazio estrategia honen barruan, Hezkuntza Sailak lanaldi osoa eman nahi ez dien egiturazko lanpostuak ditu, eta aldi berean, egiturazko lanpostuetarako iruzur kontratuen bidez, 9 hilabetetako laguntza-kontratuen bidez betetzen dituen 8, 6, 5, 4 3 edo 2 orduko 50 kontratutik gora.

Gobernuak ez du inolako proposamenik mahaigaineratu oinarrizkoak diren bi gai hauetan, eta lan-kargak arintze aldera ez du ratio edo metroak gutxitu eta enplegua sortzearen aldeko inolako jarrerarik erakutsi. Gogoratu beharra dago espainiar Gobernuak behin-behinekotasuna %8ra jaisteko plana aurkeztu duela; Hezkuntza Sailak, aldiz ez du sukalde eta garbiketako behin-behineko lanpostu bakar bat ere egonkortzeko proposamenik egin.

ELArentzat oso larria da Sailak ez proposatzea sektoreen biziraupenerako proposamenik; bi sektore hauek erabat pribatizatzeko asmoa gero eta argiago geratzen ari da.

Hezkuntza Sailak EPE bat deitzeko asmoa duela esan arren, ez du inolako zehaztasunik egin gaurko bileran, ez plaza kopuru, ez epemuga, ez baldintzarik. ELArentzat, egungo langileen lanpostu eta baldintzak ahalik eta gehien bermatze aldera, ezinbestekoa da honelako EPE baten baldintzak sindikatuokin adostea.

Lanpostu zerrenda edo RPTaren inguruan ere antzeko egoera baten aurrean aurkitzen gara: intentzio onak bai, baina proposamen konkreturik ez.

Kasu batzuetan ardura handiak izan arren, sukalde eta garbiketako langileak administrazioko soldatarik baxuenak dituzte. ELAk behin eta berriro kategoria igoera ezberdinak eskatu dituen arren, horretarako ere ez dago prest Hezkuntza Saila.

Azkenik, aurreko bileran aurreratu zuen moduan, Sailak ez du aurrekontuetan gastua gehitzea suposatuko lukeen ezer negoziatzeko asmorik; beraz, negoziazioa hasi aurretik edukiz hustu nahi du, guretzat funtsezkoak diren gaiak (eroste ahalmenaren berreskurapena, gaixotasun bajak, ordezkapenak, erretiro pizgarriak) negoziaziotik kanpo utziz.

Egoera hau eta Jaurlaritzaren negoziatzeko borondaterik eza ikusirik mobilizazioekin jarraitzeko eta lanuzteak aurrera eramatearen beharra agerian geratzen da. Langileak mobilizatuz eta greba egun arrakastatsuak eginez soilik lortuko dugu edukizko negoziazio bat.