Eusko Jaurlaritzaren asmoa 2015erako langile publikoentzako: Murrizketa gehiago eta Lan erreforma
Erabaki hauek, sindikatuei azalduko zaizkigu, hartu eman hauen ondoren, ostegun honetan, hilak 11n deitu duten mahai orokorreko bileran.
2015erako diru bilketak gora egingo duela aurreikusita dagoen arren, sailburuordeak administrazio publikoko enplegua hobetzeko gehiago ez dute eramango eta langileri gastua, izoztuta geratuko da 2015erako. Ildo honetan, biltzen den aparteko dirua, zorra kitatzeko erabiliko dela seinalatu du (Gatzagaetxebarriak 2015ean 1.000 milioi izango direla iragarri du. 2009An, 89 milioi euro erabili ziren).
Bestalde, Euskal Enplegu Publikoaren Lege aurreproiektu legea aurkezteko intentzioa daukatela aurreratu digu sailburuordeak eta emandako zertzeladen ondorioz zalantzarik gabe esan dezakegu PSEek bere garaian aurkezturiko legearen ildo berdinetik doala. Legegaiaren arabera estatuko oinarrizko arauekiko menpekotasuna erabatekoa da, eta bere garaian espainiar Gobernuak CCOO, UGT eta CSIF sindikatuekin batera egin zuen 7/2007 legeari men egiten zaio; ELAk kargu hartu zion lege hari, EAEko eskumenak inbaditzen zituelako.
Sailburuordearen hitzen arabera, aurrera daiteke ere administrazioak bere esku izan nahi duela lan-baldintzak erabaki edo aldatzeko aukera; horrek praktikan esan nahi du erabateko askatasuna izango lukeela, inolako kontrolik gabe agintzeko; hots, xedea erreforma laborala administrazioan ezartzea litzateke. Honi dagokionez ELAk ez du onartuko erreforma laboralaren sarrera ekar dezakeen eredurik; ezinbestekoa da negoziazio kolektiborako eskubidea zinez eta benetan aitortzea eta bermatzea, inposiziorik gabe eta joko-arau demokratikoekin.
Beraz, ELAk Eusko Jaurlaritzak zerbitzu publikoen kalitatea kaskartzen jarraituko duela egiaztatu du eta gogora ekarri nahi dugu, Gobernu honek, azken urte hauetan, aurrekontuetako baliabideak erabilita eta negoziazio kolektiboko eskubidea ukatuta, gure babes eta ongizate sisteman inoiz ezagutu dugun murrizketa handienaren erantzule dela.
Guzti honegatik, ELAk politika hauek salatzen jarraituko du eta zerbitzu publikoen galera suposatzen duen lege honen aurka azalduko dela. Era berean, langileei, irmo erantzuteko dei egiten diegu Gobernu honek aurrera daramatzaten negoziazio kolektiboaren aurkako erasoaren, pobrezia bakarrik dakarten eta enplegu publikoaren suntsiketa politiken aurrean.