Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila ez da agertu ELA, STEILAS, LAB, CCOO eta UGTk deitutako bilerara

2020/06/10
Hezkuntza Sailak biltzea ekidin nahi izateak kezkatzen ditu sindikatuak. Euren esanetan, ikasturte hasierarako plangintza aurreikuspena egon daiteke jarrera honen atzean. Gauzak horrela, sindikatuek ikasturte hasierako plan orokorrak jarraitu beharreko ildoen proposamen bat erregistratu dute. Hezkuntza Sailari arduraz jokatzeko, plan orokorra lantzeko eta langileon ordezkariokin negoziatzeko eta adostea exijitu diote.

Hezkuntza Sailak ikasturte hasiera sindikatuekin negoziatu eta adosteko ezezko jarreraren aurrean, pasa den astean ELA, STEILAS, LAB, CCOO eta UGTk bilera eskatu zioten ekainaren 10erako. Hezkuntza Sailak, ordea, ez dio eskaerari erantzun, ez du beste bilera datarik zehaztu eta ez da gaurko deitutako bilerara agertu. Sindikatuen ustez, ikasturte amaierari lotutako ohiko bilera sektorialak egiteaz haratago, itzulera plan orokorra langileen ordezkariekin partekatu, negoziatu eta adostea ekidin nahi du. "Ulergaitza eta onartezina da jarrera hau, bereziki kontuan izanda Hezkuntzako patronalekin jada bildu dela", diote.

Jarrera honek asko kezkatzen ditu sindikatuak, gauden datetan egonik, "itzulera plana negoziatzeko langileon ordezkariokin bildu nahi ez izatea, ikasturte hasierari begirako planifikazio eta aurreikuspen falta berri baten adierazle izan daitekeelako",

ELA, STEILAS, LAB, CCOO eta UGTren iritziz, bereziki larria izango litzateke ikasturte hasiera bat planteatzea pandemia egoerak agerian utzi dituen behar estrukturalak aintzat hartu gabe, zein osasun krisiak orohar eta konfinamendu egoerak bereziki, sortu dituen hezkuntza behar gehigarriak, ikasleen arteko arrakala handitzeak, errefortzu beharrak, eta egoera bereziak kontuan izan gabe.

"Are larriagoa, udazkenean etor daitekeen pandemiaren suspertze baten aurrean pandemiaren lehenengo fase honetatik ondoriorik atera ez bagenu bezala aritzea edota ondorio horien baitako plangintzak eta aurreikuspenak aurrez ez lantzea eta prestatzea", azpimarratu dute.

Horrela, datorren ikasturtera begira aurreikusi daitezkeen eszenatoki desberdinen aurrean ezinbestekotzat jotzen dute Hezkuntza Sailak hezkuntza sistema osorako plangintza eta irizpide orokor batzuk landuta eta aurreikusita izatea. Funtseskoa bestalde, langileen ordezkariokin partekatu, negoziatu eta adostutako plangintza eta irizpideak izatea.

Hau horrela, sindikatuek ikasturte hasierako plan orokor horrek jarraitu beharko lituzkeen ildoak jasotzen dituen eta Hezkuntza sailari zuzenduta doan dokumentu propositibo bat erregistratu dute. Bertan, 2020/2021 ikasturte hasierara begira, ohiko ikasturte bat izango deneko ideia alboratu eta eman daitezkeen eszenatoki errealista desberdinen aurrean aurreikuspenak zein plangintza orokorrak eta eszenatoki bakoitzera begirako baliabide, segurtasun neurri zein baldintzak, langileon ordezkariokin partekatu, negoziatu eta adostea exijitzen diote.

Sindikatuen proposamena