Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak 166 lanpostu suntsituko ditu datorren ikasturtean

2019/06/27
Duela urtebeteko hezkuntza publikoko akordioek mobilizazioak bertan behera uztea besterik ez dute lortu eta sektore ezberdinetako egoerak okerrera egin du. ELAtik LAB eta STEILASi eskua luzatzen diegu greba eta mobilizazioak aktibatu eta Eusko Jaurlaritza hezkuntzak dituen oinarrizko beharrei erantzutera behartzeko

Azken urteetan, krisiaren aitzakiaz baliatuta, Eusko Jaurlaritzak murrizketa gogorrak ezarri ditu zerbitzu publikoetan oro har, Hezkuntza Publikoan barne. Krisia hasi zenean baino aberastasun gehiago sortzen dugun arren, hezkuntzan inbertsio publikoak beherantz egin du nabarmen -BPGaren %4,3tik 3,5era eta proportzionalki 632 milioi euroko murrizketa-. Europako azken muturrean gaude Hezkuntzara bideratzen den inbertsio publikoan. Alabaina, zorraren ordainketara bideraturiko partidek kontrako noranzkoa izan dute, etengabe gorantz joan direlarik. Erabaki politiko honek ondorio eta murrizketa larriak ekarri dizkigu. Ondorioz, Hezkuntza Publikoa jo-puntuan dago: Eusko jaurlaritza plantillen etengabeko murrizketa egiten ari da, ratio geroz eta handiagoak aplikatzen, lan-kargak handitzen, eros-ahalmenaren murrizten, behin-behinekotasun maila onartezinak inposatzen, zerbitzuak pribatizazatzen, ikasle-familien jatorriaren baitako desorekak handitzen…

Egoera honek jarraipen oso zabala izan zuten greba eta mobilizazio historikoetara eraman gintuen aurreko bi ikasturteetan LAB eta STEILAS sindikatuekin batera. Ez zen ibilbide erraza izan. Sindikatu bakoitzak greba eta mobilizazio hauek aurrera ateratzeko nahia eta eginiko ahalegina oso desberdina izan baitzen. Hala ere, zailtasunak gaindituz, mobilizazioaren indarrak beharturik, Eusko Jaurlaritza mugi arazi genuen. Gobernuak, sindikatuen elkarlana eten eta mobilizazioa indargabetzeko asmoz, eduki gutxi batzuk jarri zituen mahai gainean oinarrizko aldarrikapenei ez erantzuteko. ELAren iritziaren kontra gainerako sindikatuek, mobilizazioak eten eta grebara eraman gintuzten aldarrikapenei eta sektore ezberdinetako arazoei erantzuten ez zieten akordioak sinatu zituzten Hezkunza Sailarekin.

Aurtengo ikasturtearen hasierarekin batera argi ikusi da Hezkuntza Publikoak zituen arazoak bere horretan jarraitzen dutela eta kasu batzuetan okerrera ere egin dutela. Gainera, akordioen mugak eta benetako egoeraren salaketa eta konponbideen aldarrikapena isil arazi asmoz, ELA sindikatua oinarrizko lan-baldintzak eztabaidatu eta negoziatzeko prozesuetatik kanpo utzi dute, bai gobernuak baita gainerako sindikatuek ere. Honela, sindikatuaren eta milaka langileren eskubide sindikalak eta negoziazio kolektiborako eskubideak urratuz.

Irakasleen kasuan gertatzen ari dena ikusi besterik ez dago. Behin-behinekotasun maila onartezina den %40koa den arren eta Jaurlaritzak urte luzeetan irakasleak modu prekarioan bere beharrak betetzeko erabili dituen arren, langile hauek kontsolidatzetik urrun ateratako lanpostuak ez betetzea helburu duten EPEak eta prekarietatea kudeatzen jarraitzeko neurri injustuak besterik ez ditu jarri mahai gainean, izugarrizko arriskuak dituen sasi-egonkortasun proposamena kasu. Aurreko ikasturte amaieran esaten genuen irakasle funtzionarioen sektorerako sinatu zuten akordioak jasotzen eta zehazten zuen neurri bakarra ordezkapenak lehen egunetik egitea zela. Baina puntu hau ere ez dute bete eta gainera izugarrizko arazoak sortzen ari den “ordezkagune” sistema telematikoa jarri dute martxan inolako negoziazio edota azalpenik eman gabe.

Soldatei erreparatzen badiegu berriz, krisi urteetan %13-14ko eros-ahalmen galera eman da irakasleetan (41.000-51.800 euro metatu). Eta ratioei, lanpostuei eta lan kargei so egiten badiegu, bizi dugun erasoaren tamaina argi ikusi dezakegu. 2018ko azaroan txosten bat plazaratu genuen Hezkuntza Sailaren muturreko ratioen politika eta lege urraketa eskandalosoak salatuz, eta esaten genuen, datozen urteetan etorriko den jaiotza tasaren beherakada aurreikusiz muturreko politika hau egiten jarraitzeko joku zelaia prestatzen hasia ere bazela. Baita gainerako sindikatuekin sinatutako akordioak arazo honi mugarik jarri ez eta estrategia honetan laguntzen zuela ere. Bada datorren ikasturterako Lanpostu Zerrenda aztertu ondoren, zoritxarrez, orduan ateratako ondorioetan berretsi besterik ezin dugu egin. Izan ere, EAEko ikastetxe publikoetan 73 ikastalde murriztu ditu Hezkuntza Sailak legea urratuz. Baina legeak ikastaldeak mantentzeko aukera ematen dion kasuetan ere 19 ikastalde murriztu ditu ikasleak pilatuz, soilik irizpide ekonomikoak kontutan hartuz eta irizpide pedagogikoak guztiz baztertuz. Politika honen bidez, Hezkuntza Sailak 166 lanpostu suntsituko ditu datorren ikasturteari begira. Sektore pribatuan, enpresa batek tamaina honetako enplegu suntsiketa bat egiten duenean ERE baten bidez egitera behartuta dago. Aldiz, Jaurlaritzak hau egiteko eskuak libre ditu eta muga bakarra langileok antolatu eta greba eta mobilizazio potenteak bultatzean datza.

Heziketa Berezi, sukalde eta garbiketa eta haurreskoletako kasua are larriagoa da. Izan ere, ez da kasualitatea emakumeoi urte luzez inposatu zaizkigun zaintza lanekin lotura gehiago duten lanak izatea edota nagusiki emakumez osaturiko sektoreak izatea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko langilerik prekarioenak.

Sektore hauetan behin-behinekotasuna %41 eta %100 artekoa da kolektiboaren arabera. Behin-behinekotasun maila onartezin hauei irtenbide egoki eta bidezko bat eman beharrean, hau da, lanpostu guztiak osatu, Lanpostu Zerrendetan azaleratu eta urte luzeetan zehar beren gaitasuna soberan demostratu duten langile hauek kontsolidatu beharrean, prekarietatea kudeatzea edota ondorio bezala kaleratze masiboak suposatuko dituen EPE proposamenak egitea da Jaurlaritzaren hautua, beraiek sorturiko egoera tamalgarri, prekario eta jasangaitz honi eta berau pairatzen duten langileei bizkarra emanez. Irakasleetan martxan jarri nahi duten sasi-egonkortasun sistema bidegabea 2017. urtean jarri zuen martxan Hezkuntza Sailak Heziketa Berezian aldebakarrez eta haurreskoletako kudeaketa langileetan eta sukalde eta garbiketan ordezkapen falta eskandalagarria eta honek dakartzan lan-karga jasanezinak lan-osasun arazo larria bihurtu dira.

Soldatei dagokionez, sektore hauetan %8 eta %12 bitarteko eros-ahalmen galera izan dute krisi urteetan zehar (22.000-28.800 euro metatu), sektore feminizatu izatearen ondorioz daukaten soldata arrakalaz gain.

Sukalde eta garbiketan, %90ean jada pribatizaturik dagoen eta feminizatu eta prekarizatuen dagoen sektorean, autonomia ekonomikoa ezinezko egiten duten jardunaldi partzialak ere pairatzen dituzte (2 orduko jardunak kasu batzuetan), funtzioak eta kategoriak ez zaizkie aitortzen eta ez daude zehaztuta, jantokien kudeaketa guraso elkarteen esku uzteko eta pribatizazioarekin jarraitzeko saiakera berria jarri dute martxan aurten…

Haurreskoletan urte luzez aldarrikatu dugun zerbitzuaren doakotasunetik urrun gaude oraindik ere eta aurten aplikatzen hasi den neurri berriak (18.000 euro baina gutxiagoko soldata duten familientzat doakotasuna) ez du apenas eraginik izan (aurretik bekak kobratzen zituzten)…

Baina honetan ere, aurreko ikasturtean 3 sektore hauetan gainerako sindikatuek Jaurlaritzarekin sinaturiko akordioek ez dute inolako eragin positiborik izan. Eta guzti hau azken bi urteetan Eusko Jaurlaritzaren kontuek 1.000 milioi eurotako superabita eman duten testuinguru batean.

ELAren ustetan sindikatuon papera ezin da izan administrazioak aldebakarrez inposatzen dituen murrizketen zati txiki bat itzultzen digutelako eskerrak ematea, bizi dugun eraso bortitzaren aurrean langileak antolatu eta borrokarako bide ematea baizik eta hori da ikasturte honetan egin duguna.

Pasa den ikasturtean aukera historiko bat galdu genuen murrizketei buelta eman eta gure aldarrikapenetatik askoz ere gertuago zeuden edukiak lortzeko. ELA buru belarri aritu da berriro ere borroka hau aktibatzeko saiakeran, eta sektore batzuetan lortu ere lortu dugu, demostratuz, beste behin ere, posible izango bada Jaurlaritza beste norabide batean doazen erabakiak hartzera behartzea, greba eta mobilizazio dinamika indartsu baten bidez soilik izango dela.

Zentzu honetan, azpimarratzekoa eta zoriontzekoa da ikasturte honetan sukalde eta garbiketa eta Haurreskoletako kudeaketa langileek berrabiatu dituzten borrokak. Argi baitaukate hori dela bide bakarra. Horrela, sukalde eta garbiketan jarraipen zabala izan duten 7 greba egun egin ditugu ELAk sindikatuak bakarrik deituta 2019ko martxotik hona eta horren ondorioz jantokien kudeaketa guraso elkarteen esku uzteko eta sektorea pribatizatzen jarraitzeko Jaurlaritzaren erabakia geldiaraztea lortu dugu. Haurreskoletako kudeaketa langileek 6 greba egun egin dituzte ELA eta STEILAS sindikatuek deituta (gogoratu sektore honetan LABek daukala gehiengo osoa eta STEILASek kasu honetan ez zuela akordioa sinatu) eta horren ondorioz ordezkapenen eta enpleguaren (lanpostuen definizioa, homologazioa eta kontsolidazioa) inguruko negoziaketa emankorrak martxan jarri dira. Baina bi sektore hauetako langileei azken ikasturte hauetako esperientziak argi erakutsi die ezin direla despistatu eta borrokan jarraitu beharko dutela negoziaketa hauek ondo itxi eta adostutakoa bete arte. Borrokatuta posible delako.

Guzti honengatik, ELA sindikatutik argi daukagu Hezkuntza Publikoaren alde borrokatzeko hautua, beti izan dugun moduan, bai aurreko ikasturteetan, bai ikasturte honetan eta baita hurrengoan ere. Eta beraz langileak antolatzen eta greba eta mobilizazioak sustatzen emango diogu hasiera datorren ikasturteari ere. LAB eta STEILAS sindikatuek azken asteotan esandakoaren baitan, badirudi guzti honetaz konturatzen hasiak direla eta guretzat hau oso berri ona da. Beraz, datorren ikasturteari begira Hezkuntza Publikoaren aldeko eta prekaritate, murrizketa, diskriminazio eta pribatizazioaren aurkako borroka hauetara batu daitezen eta gainerako sektoreetan elkarrekin greba eta mobilizazioak berriro ere martxan jarri ditzagun eskua luzatzen diegu.