Eusko Jaurlaritzaren Kontsolidazio-legea, bertan behera

2021/02/25
Auzitegi Konstituzionalak, ezagutzera emandako epai bidez, Poliziaren Euskal Legearen hamargarren xedapen iragankorra baliogabetu du, Espainiako Gobernuak eskatuta. Estatuarekin aurrez aurre jartzeko garaia da, gure herrian enplegu publikoaren kontsolidazio-prozesu bermatzaileak lortzeko.

Epai honek hankaz gora jartzen du Eusko Jaurlaritzaren estrategia, EAEko sektore publikoko langileek pairatzen duten behin-behinekotasun maila lotsagarriaren arazoari dagokionez. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak berak aitortzen zuen Konstituzio Auzitegian aurkeztutako alegazioetan, Estatu osoko behin-behinekotasun tasarik altuena duela (%38,7), hau da, aldi baterako 58.700 langile inguru.

Argi dago xedapen honen konstituzio-kontrakotasuneko deklarazioak heriotzara kondenatzen duela, jaio aurretik, Eusko Jaurlaritzak enplegua egonkortzeko prozesu bat lortzeko bide gisa saldu nahi zizkigun Kidego eta Eskalen Legearen xedapen iragankorren edukia; izan ere, Poliziaren Legearen hamargarren xedapen iragankorra Legebiltzarrean izapidetzen ari den Kidego eta Eskalen Legearen xedapen gehigarriaren berdina da.

Edukia alde batera, epai honek agerian uzten ditu autogobernuaren arloan ditugun gabezia larriak, eta Estatuarekiko menpekotasuna hainbat gai garrantzitsutan, hala nola enplegu publikoan. Agerian ere, Eusko Jaurlaritzaren borondate ezdeusa arlo honetan Estatuarekin konfrontazio prozesu bat irekitzeko, bide juridikoa aztertzeaz harago.

Epaiak argi uzten du ezinbestekoa dela euskal alderdi politikoek Espainiako Estatua interpelatzea, legezko betoa kentzeko eta gure herrialdean finkatze-prozesuak egin ahal izateko.

ELAk hasieratik salatu du Jaurlaritzak saldu nahi izan digun proposamenaren funtsik eza, Kidego eta Eskalen Legearen lehenengo eta bigarren Xedapen Iragankorretan oinarritua, eta hori ez dela bidea enplegu prekarioaren segurtasunik ezarekin bizi diren hainbat eta hainbat langileren arazoari konponbidea emateko.

ELAk, ordea, EPOEren lege-aldaketa batean oinarritutako proposamen sendo eta oso bat egin du eta mantentzen du, gure herrian enplegu publikoa bermatzeko prozesu horiek egiteko gaitasuna emango duena, behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten 50.000 pertsona baino gehiagori enplegua kontsolidatzeko.

Hemen eta orain borroka egiteko eta kalera irteteko garaia da, gure agintariei nahiz alderdi politikoei irtenbideak eskatzeko, Estatuarekin konfrontatu daitezen arau-aldaketak lortzeko, berehala gauza ahal izan ditzagun sendotze-prozesu bermedunak, Administrazio Publikoetan behin-behinekotasunaren gaitzari azkena emango diotenak. ELAk horretarako bide bat proposatzen du.