Eusko Jaurlaritzak EAEko sektore publikoan galdutako erosahalmena berreskuratuko dela bermatu behar du

2019/01/24
Eusko Jaurlaritzak bere lege-proiektuan dakarren soldata-proposamena Sanchezen gobernuaren errege lege-dekretuan ezarritako gutxienezko mailakoa da. Lege-dekretu hori aste honetan bertan berretsi da kongresuan, eta Rajoyren gobernuak eta CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek 2018ko martxoan sinatutako akordioaren kopia da. ELAk gogoratu nahi du eros-ahalmenaren galera %15aren ingurukoa dela EAEko administrazio publikoan.

Eusko Jaurlaritzak aurkeztuko duen lege-proiektua dela eta, gobernuko eledun Josu Erkorekak egindako adierazpenetan, besteak beste, zera esan du: herri-langileen soldata-igoera %2,25ekoa izango dela. Horren aurrean, gogoratu nahi dugu zein den euskal langile publikoen egoera:

    •  Eros-ahalmenaren galera %15 ingurukoa da.

    •  Itzarriren murrizketa %2koa da egun.

    •  Lanbide-garapenaren eta erretiro-sarien murrizketak mantenduko dira.

    •  Behin-behinekotasun tasa %40ren bueltan dabil sektore guztietan (hezkuntzan, osasunean, autonomia-administrazioan...).

    •  Pribatizazioek eta enplegu publikoaren suntsipenak ez dute etenik.

Egoera penagarri hori Eusko Jaurlaritzaren politika neoliberal eta antisozialaren ondorio zuzena da. Izan ere, aurrekontu-superabita eta zorraren ordainketa lehenetsi dituzte, EAEko herritarren oinarrizko beharrizanak betetzeko diren zerbitzu publikoen gainetik. Esandakoa argitze aldera bi datu besterik ez: osasunean egiten den inbertsioa, 2009. urtetik aurten arte, 520 milioi jaitsi da; eta hezkuntzan egindakoa 632 milioi. Horrek, zer esanik ez, eragin kaltegarria du hezkuntzaren eta osasunaren sistemaren kudeaketan.

Eusko Jaurlaritzak bere lege-proiektuan dakarren soldata-proposamena Sanchezen gobernuaren errege lege-dekretuan ezarritako gutxienezko mailakoa da. Lege-dekretu hori berretsi da orain kongresuan, eta Rajoyren gobernuak eta CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek 2018ko martxoan sinatutako akordioaren kopia da.

ELAk akordio hura salatu zuen 155 artikulua aplikatzearen parekoa zela esanez, gure herriko zerbitzu publikoei zegokienez; ez baitakar KPIren erreferentziarik, eta BPGaren eta aurrekontu-superabitaren baldintzaren pean geratzen baita.

ELAk Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde politikoei eskatzen die lege berriaren bidez lan-baldintzetan eragindako murrizketa guztiak lehengora ditzatela.

  • Galdutako eros-ahalmena berreskuratzea (%15aren inguru).

  • Itzarrirako ekarpenak eta erretiro-sariak.

  • Lanbide-garapena sektore guztietan.

  • Aurrekontu-partida bat, benetako negoziazio-prozesu bati ekiteko, eta milaka langileren postuak berehala egonkortzeko, behin-behineko eta prekarietateko egoeran baitaude euskal sektore publikoan.

  • Itunpeko hezkuntzaren gatazka ito-puntutik ateratzea ahalbidetzea.