Murrizketen ondorioz beharrezkoak diren 973 ikastalde eta 2.388 lanpostu galdu dira EAEko irakaskuntza publikoan

2018/11/08
ELAtik behin eta berriro salatu dugun moduan, Eusko Jaurlaritzak 2009tik hona krisiaren aitzakia erabili izan du zerbitzu publikoak, oro har, eta hezkuntza publikoa, bereziki, deskapitalizatzeko. Matrikulazioa etengabe gorantz joan den bitartean, ez dira beharrezko ikastaldeak sortu eta ratioak %9,1 igo dira. Eta gainera, beharrezko ikastaldeak ez sortzearen ondorioz, matrikulazioaren gorakada honi erantzuteko beharrezkoak diren 973 ikastalde eta 2.388 lanpostu murriztu dira.

Zentzu honetan, 2018/19 ikasturteko lurraldez lurralde eta ikastetxez ikastetxeko Lanpostu Zerrenden azterketak ondorio garbi batera garamatza: Jaurlaritzak ratioen muturreko politika bat aplikatzea erabaki du posible den ikastetxe guztietan. Horrela, EAEko ikastetxeen %17,6 guztiz legez kanpo dago, legeak onartzen duen gehienezko ratioen %10eko gehikuntzaren gainetik, edo %10aren barruan, baina legeak dioena errespetatu gabe; aldiz, %55,8 pilaketa egoeran dago (gehienezko ratioetan edo honen %10 gehigarria baliatuz gehienezko ratioen gainetik).

Gainera, ikasturte honetan Eusko Jaurlaritzak, datozen urteetako matrikulazioaren beherakada aurreikusiz, estrategia berri bat jarri du abian murrizketa eta lanpostu suntsiketa berriak egiteko joko zelaia prestatuz. Nola ari da hori egiten? Bada, gero eta lanpostu gehiago Lanpostu Zerrenda ofizialetik ateraz eta hauek babesgabetasun egoera batean eta berme legalik gabe utziz.

Eta zer enplegu sortu du pasa den maiatzean LAB eta Steilas sindikatuek -zeintzuk ELArekin batera greba eta mobilizazio dinamika sustatu zuten-, baita CCOO eta UGTk Eusko Jaurlaritzarekin izenpetu zuten akordioak? Hezkuntza publikoko etapa guztiei so eginda, akordio honen bidez sortu den enplegu urria Haur Hezkuntzako 3. mailako laguntza batetara eta Hezkuntza Beharren Indizea (HBI) deritzonerako lanpostu batzuetara mugatu da. Gainera, EAE osoan sortutako 188 lanpostu hauek prekarioak dira: behin behinekoak, gehienak partzialak, Lanpostu Zerrendatik kanpo daudenak (eta beraz berme legalik gabekoak eta babesgabeak) eta HBIren kasuan esleitzerako orduan irizpideen gardentasunik gabekoak.Beraz, lehenengo konklusioa da aurreko biikasturteetan egindako greba eta mobilizazioetan aldarrikatzen genituen 1.800 lanpostuetatik oso urrun dagoela zifra hau,aldarrikatzen genuenaren %10abesterik ez baitu suposatzen.

Beraz, ELAren aburuz, akordioak ez du Eusko Jaurlaritzaren muturreko ratioen politikan eraginik izan, ez du mugatu eta ez dio arazoaren muinari heldu, lanpostuak Lanpostu Zerrendatik ateratzeko estrategian eta hauek esleitzerako gardentasun faltan lagundu du eta sortu diren lanpostu urriak prekarioak dira.

Honen aurrean, ELA sindikatuak proposamen konkretuak luzatu dizkio Jaurlaritzari. Alde batetik, ratioak jeitsi eta beharrezko 973 ikastalde eta bermedun 2388 lanpostuak sor ditzala ratioen muturreko politika egiteari utziz. Bestetik, lanpostu guztiak Lanpostu Zerrenda ofizialean sar ditzala exijitu dio, lanpostu hauen babesgabetasuna ekiditeko. Eta azkenik, lanpostuen esleipenerako arauetan gardentasuna eta zehaztasun maila handiagoa eskatu dio.

ELAk hezkuntza publikoko langile guztiei antolatzeko eta mobilizatzeko deia luzatu die, krisiaren aitzakia erabiliz Eusko Jaurlaritzak inposatutako murrizketa guztiei buelta emateko, lanpostu suntsiketa eta ratioen igoerak ekarri duen muturreko politika honi aurre egin eta bestelako politika bat exijitzeko. Eta ELArekin batera pasa den bi ikasturteetan greba eta mobilizazioak sustatu zituzten LAB eta Steilas sindikatuei elkarrekin agenda mobilizatzailea berreskuratzeko deia egiten die.

Irakurri ELAren txostena