SEKTORE PUBLIKOKO GREBA (EAE)

Ezarritako gutxieneko zerbitzuen ondorioz, egun arrunt batean baino langile gehiagok egingo dute lan sektore batzuetan

2023/12/15
Urrian bezala, langileen ehunka asanbladek bat egiten ari dira sektore publikorako deitutako grebarekin. Eusko Jaurlaritzari eta gainerako instituzioei greben jarraipenaren inguruan ematen dituzten datuak ez manipulatzeko eskatzen dute sindikatuek. Esaterako, ezarritako gutxieneko zerbitzuen ondorioz, abenduaren 19an egun arrunt batean baino langile gehiagok egingo dute lan sektore batzuetan

ELA, LAB, CCOO, STEILAS, SATSE eta ESK sindikatuek sektore publiko osorako abenduak 19rako deitutako grebarako Eusko Jaurlaritzak ezarri ditu gutxieneko zerbitzuak. Urriaren 25erako berberak izanik, milaka langile publiko oinarrizko greba eskubidea egikaritu ezinik utziko ditu.

Zerbitzu publikoen gainbehera nabarmena gertatzen ari den honetan, hala nola, langile eskasia edo ordezkapen falta, badirudi faktore horiek bat-bateko garrantzia hartzen dutela greba iristerakoan. Azpimarratu behar da, gainera, greba egun bakar bat izanik, guztiz funtsezkoa dena bakarrik bermatu beharko litzatekeela. Hala ere, beste behin ere, grebarako eskubidearen erabilera oztopatzeko saiakera berri baten aurrean gaude, grebaren eragina gutxiarazteko eta lantokietan normaltasun itxura emateko.

Aginduaren edukia ikusita, argi dago Lan Sailak apustu egin duela pandemiaren aurretik ezartzen zituen gutxieneko zerbitzuak baino handiagoak iraunarazteko. Pandemia aitzakia ezin hobea izan da gutxieneko zerbitzuak esponentzialki handitzeko, Adibidez:

  • Osakidetzan: Lehen Arretan jaiegun bateko gutxienekoak ezartzen ziren, eta orain, berriz, larunbat batekoak.
  • Hezkuntza: unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan, zuzendaritzako pertsona bat eta sarrera kontrolatzeko beste bat egon behar ziren; Orain, berriz, irakasle bat egon behar da hezkuntza- etapa bakoitzeko, eta horri Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 100 ikasleko beste pertsona bat batu behar zaio.

Hori gutxi balitz, Aginduaren aplikazio praktikoak ekarriko du, zenbait esparrutan, lanaldi arrunt batean daudenak baino langile gehiago izatea. Bereziki deigarria da Osakidetzako EAGen egoera: gutxieneko zerbitzuen %100 ezartzen da, egunerokoan hutsune asko ordezkatzen ez direnean eta askotan EAGak medikurik gabe zabalik daudenean. Gainera, %100eko gutxienekoak ezartzeak honakoa esan nahi du: egunerokoan zerbitzu horiek gutxieneko zerbitzuetan lan egiten dutela urte osoan. Era berean, sindikatuek nabarmendu nahi dute oso adi egongo direla gutxienekoen Aginduaren aplikazioari; zoritxarrez, gehiegikeriak ere oso ohikoak baitira.

Bestetik, azken egunetan ehunka asanblada egiten ari dira lantokietan. Bertan urriko greba arrakastatsuak egin eta hilabetera, langileek bat egiten dute sindikatuekin, grebaren helburuetan aurrerapauso txikiak eman bai (Mahai negoziatzaileak deitu, EAJ eta PSOE inbestidura akordioa), baina eskasak izanik orain delako mobilizazioarekin jarraitzeko momentua aldarrikapenak lortzeko. Hori horrela, bozkatzeko kultura dagoen eskualdeetan, aldeko botoa nagusitzen ari da (udaletan, eskoletan etab...) . Ondorioz, abenduaren 19ko grebaren jarraipena zabal izango dela espero dute sindikatuek.

Azaldutakoaz gain, sindikatuek salatu nahi dute instituzioek, greba jarraipenaren datuak ematerakoan egiten duten manipulazioa. Hori bereziki larria da Osakidetzaren kasuan, milaka langile uzten dituzte greba eskubiderik gabe. Hori horrela, datuak ematerakoan, adierazi beharrean greba eskubidea daukaten langileetatik zenbatek egin duten greba, plantilla osoa hartzen da oinarritzat kalkulua egiteko, nahiz eta horren parte haundi bat greba eskubiderik ez izan. Adibidez, Osakidetzako Emergentzietako langileen kasuan, %100eko zerbitzu minimoak ezartzen zaizkie eta datuak ematerakoan, jarraipena %0koa izan dela adierazten da. Sindikatuek Eusko Jaurlaritzari eta instituzioei greben jarraipenen datuak ez manipulatzeko eta datu errealak emateko eskatzen dute.