Gipuzkoako erresidentziak

Gatazka lan zentroetan indartuko da

Gatazka lan zentroetan indartuko da
Aste honetako hirugarren greba eguna dute gaur Gipuzkoako erresientzietan eta eguneko zentroetan. Langileek manifestazioa egin dute Donostian, Gipuzkoako aurrekontuek sektoreko prekaritatearekin amaitu eta genero arrakalarekin amai dezan eskatzeko. Sei erresidentzietako langileek abenduaren 19 arte greban jarraituko dute greban.

Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetako lan gatazkak jauzi bat egin eta sei erresidentzietako langileek greban jarraituko dute abenduaren 19 arte.

Hala iragarri du ELAk, Gipuzkoako Diputazioaren egoitzaren aurrean. Aste honetako hirugarren greba eguna dute gaurkoa Gipuzkoako sektorean, eta greban jarraitzeko asmoa adierazi dute sei zentroetako langileek. Hain zuzen ere, Errenteriako Sagrado Corazon (Eulen Sociosanitario), Donostiako Villa Sacramento (Domusvi-Mitie), Txara II (Biharko Gipuzkoa) eta La Paz (GSR), Zumaiako San Juan (Clece mayores) eta Zumarragako Argixao (Gerozerlan-Matia) zentroetan.

Gainera, eskatutako edukiak patronalek edo enpresek mahai gainean jarri ezean, ez dute baztertzen greba luzatzea.

Guztira, langileek 12 greba egun egin dituzte Gipuzkoan gatazka hasi zenetik. Patronalen negoziatzeko borondate falta salatu dute, eta manifestazioa egin.

Era berean, Diputazioari ere mezu zuzena igorri diote: ELAk uste du EAJ-PSEek aukera paregabea dutela eztabadaigai diren aurrekontuetan. Eraikin berriak egiteko iragarritako 53 milloi euroz haratago, langileen aldarrikapenak kontuan hartu behar ditu aurrekontuak eta genero berdintasunean pausuak ematen hasi.

Horregatik, sindikatuak oposizioari ere eskatu dio ez dezatela onartu langileen aldarrikapenak jasotzen ez dituen aurrekonturik. Besteak beste, %100eko lan kontratuak eta soldata arrakalarekin amaitzea.

Izan ere, sektoreko langileen ia erdiak kontratu partzialak ditu eta soldata arrakala urtean 10.000 eurotik gorakoa da. Diagnostiko hori pasa den ekainean egin zuen sindikatuak batzar nagusietan egindako agerraldian. Foru gobernuaren aldetik kezka agertu bazen ere, ez da neurririk hartu.

Are gehiago, prentsan EAJ-PSEek aurkeztu duten aurrekontu proiektuan iragarri dute %12 handituko dutela gizarte politiketako diru partida, “gizarte azpiegitura berrien sorrera bultzatu, zainketen eraldaketa sustatu eta sortzen ari diren errealitate sozialei erantzuna emateko”. Partidaren handitzeko hori, ordea, azpiegituretara bideratu nahi da , %83, eta ez zainketak benetan eraldatzera eta hobetzera, kexu da ELA.

Horregatik, Gipuzkoako erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileek mobilizazioekin jarraituko dute.