Gezurra esan nuen Getarian, eta ni baino lehenago zen atarian #Landeia

2019/05/16
Azken Landeiak Gipuzkoako Erresidentzien inguruko erreportaje hau jasotzen du .Borrokak aurrera jarraitzen du, baina ez izan zalantzarik irabaziko dugula!

Gezurra ez zuen Getarian esan, Tolosan baizik. Hori bai, Markel Olano bera baino lehenago zen atarian. Otsailaren 14an Feminismoa 4.0 Berdintasuna, gizartea eta etorkizuna izeneko nazioarteko mintegia egin zen Tolosan, eta hauxe esan zuen hitzez hitz Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, Markel Olanok: “Ante quienes plantean dar marcha atrás en los avances sociales en igualdad, reiteramos que son planteamientos que no tiene cabida en Gipuzkoa”.

Hitzez hitz hartuko bagenu, esan genezake berak zuzentzen duen Foru Aldundiaren politikek ez dutela lekurik Gipuzkoan. Horren adibide argia da duela hainbat hilabete Gipuzkoako erresidentzietako emakumeek hasi zuten gatazka. Gatazka feminista izan arren, Foru Aldundiak zikin jokatu du akordio bat lortzeko prozesuan, beti-ere patronalaren mesedetan eta euren eskubideen alde borrokatzen ari diren emakumeen kontra.

Apirilaren 1ean Gipuzkoako erresidentzietako emakumeek greba eta mobilizazio txanda berria hasi zuten. Maiatzaren 10a bitartean 27 greba egun berri egingo dituzte. Maiatzaren 10a baino lehen akordiorik lortu ezean, egun horretan 65. greba eguna beteko da 2018ko urrian lehen lanuztea egin zenetik.

Borroka sindikal eta feminista da Gipuzkoako erresidentzietakoa, euren lan eta bizi baldintzak hobetu nahi dituzten 5.000 emakumeei eragiten diena. Eta, gatazka honetan Foru Aldundiak duen erantzukizuna salatu beharra dago. Izan ere, administrazio publikoak %60an enpresa pribatuen bidez azpikontratatutako zerbitzua da, emakumeen zapalkuntzan oinarrituta egiten dena: lan karga amaigabeak, soldata baxuak, aldi baterako kontratuak, lana eta bizitza kontziliatzeko zailtasunak…

Zaintza negozio bihurtu dute

Administrazioek publikoki kontrakoa esan arren, zaintza lanei ez diete baliorik aitortzen. Emakumeak zapalduz patrikak diru publikoz betetzen ari dira enpresa ezberdinak. Zaintza negozio hutsa bezala ikusten dute, urtez urte irabaziak handitzeko balio dien negozioa.

Egoera irauli asmoz, milaka dira mobilizatzea erabaki duten emakumeak. Bizkaiko kideek bezala, hauek ere ez dute etsiko akordio duina lortu arte. ELAk dituen bitarteko guztiak jarrik ditu hori horrela izan dadin.

“Foru Aldundiak ez du garbi jokatu”

Apirilaren 1ean Donostian egin zen ekitaldian ELAko idazkari nagusiak, Adolfo Muñoz Txiki, mintzatu zen, adin kontuengatik sindikatuan dituen ardurak utzi aurretik egin zuen azken agerraldi publikoan. Muñozek gogor salatu zuen gatazka honetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren arduradun gorenek –Markel Olanok eta Maite Peñak, gizarte politiken arduradunak– izan duten jarrera.

“Ez daude zintzo jokatzen. Negoziazioak duela ia bi urte hasi ziren, 2017an. Denbora tarte honetan ELAk patronalaren gehiengoarekin aurre-akordioa erdietsi du; horren jakitun izan da hasieratik Gipuzkoako Diputazioa eta Gizarte Politiken Diputatu Maite Peña bera. Berak eskatu zuen alde biak –ELA eta patronala– harremanetan jarri eta akordio bat lortu zezatela”.

Olanok eta Peñak hasieratik ezagutu dituzte emandako pausoak eta lortutako aurreakordioa. Adostutakoak gatazka honen amaiera suposatuko luke, ELAren aldarrikapen nagusiak jasotzen zirelako. Hala ere, behin akordioa lortuta, akordioa lehertzeari ekin zioten.

“Diputazioa gezurretan ari da uneoro eta ELAk patronalekin sinatutako aurreakordioa faltsutzera iritsi da, bere bertsioa sinesgarria izan dadin. Zergatia? Akordioa betetzeak suposatuko lukeen kostua gehiegizkoa dela deritzote Diputazioko arduradunek. Aitzakia hutsa da, ekonomikoki adostutakoa erabat bideragarria delako. Foru Aldundia da zerbitzu honen esleipenaren arduraduna, eta bere betebeharrei uko egiten die”.

Gezurretan aritu dira Olano eta Peña

Horren larritasunaz mintzatu zen Muñoz. “Foru Aldundiak akordioaren dokumentua hartu eta izena aldatu zion. Jatorrizko dokumentuan zera jartzen zuen: Adegi, Matia, ELA akordioa. Izenburua kendu eta honakoa jarri zuten. ELAren proposamena. Hori eginda Peñak lau haizetara zabaldu du bere gezurra, hau da, akordio hori ez zela inoiz lortu. Oso larria da, arduradun politiko baten lehen arduren artean herritarrei gezurrik ez esatea dago. Eta hemen gezurretan aritu dira”.