GIPUZKOAKO ERRESIDENTZIAK

Gipuzkoako Aldundia sektorea desegiten ari da eta lan baldintzak prekarizatzen jarraitzen du

2023/06/07
Gipuzkoako erresidentzietako langileen %45 baino gehiagok kontratu partzialak ditu. Azken urteetan datu hau gorantz doa. Honek ondorio jakin batzuk ditu, besteak beste hitzarmeneko soldaten azpitik egotea eta enpresaren aurrean langile ahulagoak izatea. Izan ere, jardun partzialeko langile hauek, soldata hobetu nahi badute enpresek esleitzen dizkieten ordu osagarrien menpe bizi dira, telefono deiaren zain.

Diputazioak, iazko uztailean Adegi, Lares eta Garen patronalek eta UGTk %8arekin sinatu zuten hitzarmena goraipatu eta hauspotu zuen, jakinda, hitzarmen honek bere indarraldian langileen erosahalmena ez zuela bermatzen. Langileen soldata arrakala,  azpikontratatutako gizonezkoak gehiengoa diren sektoreekiko gerokultoreen kasuan 5.000 eurotik gorakoa da. Gainera, hitzarmena gutxiengoan sinatzeak, antidemokratikoa izateaz gain, langileei sortzen dien segurtasun juridiko falta izugarria da. Zer hitzarmen aplikatu behar diote Intxaurrondon ireki duten erresidentziako langile berri bati? 

Baina hau guztia zaintza sistemaren hanka nagusiena den erresidentzietako sektorearen desegite prozesuaren baitan erabakitako neurriak dira.

Langileen ia %70ak enpresa pribatu eta irabazi asmokoetan lan egiten du eta hauek, jakina da urtero mozkin izugarriak dituztela diru publikoaren kontura. Kabia Foru organismoak kudeatzen dituen 16 erresidentzietan, langile gehienak enpresa pribatuen esku daude eta egiten hasi diren adjudikazio berrietan gero eta azpikontrata gehiago egotea onartu dute, langile kategorien arabera. 

Baina hau ez da berria, Gipuzkoko Foru aldundiak zuzenean kudeatzen duten egoitza bakarra Eibarko Egogain egoitza da eta laboratorio bat bilakatu da, ondoren Kabiako beste egoitzetara eredua zabaltzeko: 175 langileetatik 61 Foru aldundikoak dira eta beste 114ak 5 azpikontratatan banatuta daude eta guztira, 6 lan hitzarmen ezberdin dituzte Egogaineko langileek. Lan berdina egiten duten langile publiko eta pribatuen artean, soldata arrakalaz gain lan kontratu, jardunaldi, egutegi etab.en arrakalak daude. Eremu honetan, gerokultoreak izan dituzten bi enpresen artean, soldata-nominen arazoengatik gehien-gehienak, sindikatu honek 100dik gora helegite sartu ditu epaitegian. 

Guzti honek, ezinbestean erresidentzietan ematen den zaintza kalitatean zuzeneko eragina du. Berriki osatuko den Foru Gobernuari, ELAtik honako eskaera egiten diogu:

-Erresidentzien sektorea eta orokorrean zaintza sistema publifikatzeko apostua egin dezala, eta bitartean genero arrakala ezabatuko duen hitzarmenen alde eginez

-Langile gehiago izango dituen zerbitzu baten apostua egin eta ratioak nabarmen igo ditzala.

ELAk bide honetan bere ekarpenak egiteko prestutasuna du eta erresidentzietako langile guztiak euren lan zentruetan dagoen prekaritatea borrokatzeko antolatu eta mobilizatzeko deia zabaltzen du.