Gipuzkoako egoitzetako langileek mobilizazioei ekin diete berriro, koronabirusak 243 eguneko greba atzeratu ostean

2020/05/20
Sektoreko langileek ez dute baztertzen grebara deitzea beren aldarrikapenak kontuan hartzen ez badira, eta Gipuzkoako Foru Aldundia egiten dute jasaten duten prekarietatearen erantzule. Donostian, Gipuzkoa Plazan, egindako elkarretaratzean, langileen lan-baldintzak eta egoitzetako adinekoen bizi-baldintzak duintzeko hasitako bideari berriz ekingo diotela iragarri dute. Aldundiari sektore horren baldintzak hobetzeko exijitu diote, orain, inoiz baino gehiago, gizartearentzat funtsezkoa baita.

Koronabirusak sortutako pandemia gertutik jasan ondoren, Gipuzkoako egoitzetako langileek mobilizazioei ekin diete berriro, eta iragarri dute ez dutela baztertzen berriz ere greba deitzea haien aldarrikapenak kontuan hartzen ez badira; izan ere, baieztatu dutenez, aldarrikapen horiek indartu eta legitimatu egin dira, are gehiago, pandemiarekin. Hori bai, lehen eta orain lehentasuna erabiltzaileen osasuna bermatzea izan behar dela jakin badakitela adierazi dute. Horren adibide argia da 243 eguneko greba atzeratzea erabaki zutela, "nagusiak zaintzeko euren burua arriskuan jarriko zutela jakinda ere". Izan ere, 243 eguneko grebaren eta urte askotako borrokaren eta greba desberdinen ondoren, COVID-19aren ondorioz bizi izan den osasun-krisiak bi ikasgai argi utzi ditu: batetik, emakumeek egoitzetan egiten duten lana funtsezko zerbitzu publikoa dela; eta, bestetik, gure adinekoen zaintzari etekin ekonomikoa lehenesten dion eredu batek, muga-mugara eramanda, heriotza ugari uzten dituela.

Halere, Gipuzkoako Foru Aldundiak inongo irakaspenik atera ez duela salatu dute, eta laguntza faltsua eman izana leporatu diote. "ELA bilera batzuk bultzatzen saiatu da, eta Aldundiak uko egin die". Azken saiakera maiatzaren 5ean egin zuten, sindikatuak Markel Olanori bilera bat eskatzeko gutuna bidali zionean. Gutun hori, argitu dutenez, ez zuen inoiz erantzunik jaso.

Zaintzaren sektoreetan egiten den lanari balioa emateko garaia dela gaineratu dute, bizitza asko gaur egun baldintza duinak ez dituzten profesionalen esku daudela gogoraraziz.

"Gizarteak egun hauetan eman dituen txaloak lan-baldintza duin bihurtu behar dira, pertsonei lehentasuna emango dien asistentzia-kalitateak izan behar du lehentasuna, eta ez etekin ekonomikoak". Horretarako, Aldundiak eta sektoreko enpresek hitzarmenaren negoziazioaz arduratzea da lehen urratsa, baina salatu dutenez, "Bi urtetan ez dute hori egin". Hori dela eta, mezu argia bidali diete: "Zaintzaren eta pertsonen alde egiteko unea da. Osasunean inbertitzeko eta bizitza zaintzeko unea da. Horretarako, Aldundiak beti izan du ELAren prestutasuna eta hala izaten jarraituko du".