Gipuzkoako erresidentzietako grebalariak Donostiako emakumeen etxean sartu dira ekintza baketsu batean erakunde publikoen propaganda feminista salatzeko

2020/03/04
233. greba egunean, Gipuzkoako erresidentzietako langileak Donostiako Emakumeen Etxean sartu dira ekintza feminista eta baketsu batean. Bere burua emakumeen babeslekutzat duen eta Donostiako udalarena den espazioa hartu dute helburu argi batekin: erakunde publikoek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta patronalek, purplewashing edo propaganda feminista egiten duten bitartean emakumeen lan eta bizi baldintzak sistematikoki prekarizatzen dituztela salatzea.

Martxoaren 8aren atarian, eta egunero kalean ekintza ezberdinak egin eta gero, euren borroka sozializatzeko beste urrats bat eman beharrean ikusi dute euren burua. Izan ere, gatazkak blokeatuta jarraitzen du eta Aldundiak eta patronalek jarrera itxian jarraitzen dute, greba luze honetan langileei zein egoiliarrei eragiten dieten sufrimendua handituz. Grebalariek gogora ekarri dute hau greba feminista bat dela, zaintza bera erdigunean jarri nahi duen borroka. Zentzu horretan, eragile eta mugimendu feministaren atxikimendua eskatu dute, bereziki azpimarratuz ekintzaren asmoa ez dela espazio horretan lan egiten duten eragile feministen jarduera oztopatzea, baizik eta erakunde publikoen jarrera salatzea, jabetza publikoa duen espazio sinbolikoa okupatuz.

Grebalariak minduta agertu dira Eider Mendoza, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak martxoaren 8aren atarian berdintasunaren alde egin berri dituen adierazpenengatik. Izan ere, bere hitzetan, “berebiziko garrantzia du emakumezkoen garapen pertsonala, soziala eta profesionala zigortzen duten lan ereduak eta genero estereotipoak baztertzea, erantzukizun partekatuko kontziliazioa bultzatzeko eta soldata arrakala murrizteko neurri berriak sustatuz”. Propaganda feminista egiten duen bitartean, Diputazioa %90ean finantzatzen dituen erresidentzietan %30eko soldata-arrakala eta prekaritatea bermatzen ari dela baieztatu dute langileek.

Errealitate gordin horren aurrean, eta datuak lagun, Mendozaren hitzak bereziki mingarriak direla azaldu dute.

“Gure nagusien bizitzaren zaintza enpresa pribatuen eskuetan utzi duen Aldundiak, milaka emakume prekario eta esplotatuak dituenak, soldata arrakala bukatzearen alde ezer egiten ez duen Aldundiak, berdintasunaren ateak itxi egiten dituenak, jokaera matxista eta neoliberala duen Diputazioak berdintasunaz hitz egiten digu?”, galdegin diote.

Mendozaren hitzei jarraiki, “emakume eta gizonen arteko berdintasunaren arloan aurrerapausoak ematen jarraitzeko konpromisoa du Gipuzkoako Foru Aldundiak”. Horren aurrean, propaganda egiteari utzi eta benetako berdintasun politikak martxan jartzeko deia egin diote. “Gure 233 greba egunetan egunero Aldundiari esan eta eskatzen dioguna da Mendozak aipaturikoa. Txantxa izan beharko da, 233 egun hauetan justu kontrakoa egin baitute”.