Gipuzkoako erresidentzietako langileek bost greba egun egin dituzte azaroaren 26tik 30era bitartean

2018/11/30
Gutxieneko zerbitzuen eraginez greba egitera deituak 5000 langile badaude ere, greba eskubidea 5etik batek soilik izan dute, Diputazioa eta Lan Delegaritzak jokatutako papera tarteko. Dena den, jarraipena erabatekoa izan da greba eskubidea zutenen artean. Gaur ehunka langile elkartu da Aldundiaren aurrean eta ondoren manifestazio batek Donostiako kale nagusiak zeharkatu ditu. ELAk abenduaren 24tik 31 arteko greba deialdiari eusten dio; izan ere, patronalak eta Aldundiak ez dute proposamen berririk jarri mahai gainean.

Sektoreko hitzarmenaren negoziazioak bere horretan jarraitzen du eta azken aste hauetan ez da inolako mugimendurik egon Gipuzkoako erresidentzietako mahai sektorialean. ELA sindikatuak patronala eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera salatu nahi ditu. ADEGI, GAREN, LARES eta MATIA 2020 patronalek 2017 eta 2018rako soldaten izoztea planteatzen jarraitzen dute eta ez dute inolako urratsik ematen negoziaketan. Gipuzkoako Foru Aldundia, zerbitzuaren zuzeneko arduraduna izanik, ez da posizionatzen.

ELAk, mahaian gehiengo ordezkaritza izanik, duela 2 urte aurkeztu zuen Gipuzkoako adinekoen egoitzetako, eguneko zentruetako eta pisu tutelatuetako langileen lan baldintzak hobetuko zituen proposamena. Patronalaren estrategia denbora pasatzen uztea izan da, eta azkeneko mahai sektorialean eginiko proposamenak hutsaren hurrengoak izan dira. ELAn argi daukagu zeintzuk diren gure minimoak: 2017 eta 2018rako soldata igoerak jaso behar ditu akordioak eta nola ez, sektoreko hitzarmen hori enpresetan jasota geratu behar da. ELAk 2017ko urtarriletik darama honetan urratsak eman nahian, baina patronalak puntu berean jarraitzen du.

Negoziazioaren egoera onartezintzat jotzen dugu ELAtik, eta erantzun serioak eskatzen dizkiogu bai Aldundiari, baita patronalei ere, behingoz aurrerapausuak eman ditzagun. Langileen aldarrikapen nagusienak: hobekuntza ekonomikoak (soldata igoerak, plusen igoerak…), 20 minutuko atsedenaldi ordainduak, lanaldien normalizazioa, ratioen hobekuntza zerbitzuaren kalitatea bera bermatuz, norberaren zereginetarako egunak, gaixo egoteagatik penalizaziorik ez jasotzea, 60 urtetik gorako langileentzat erraztasunak, hobekuntza sozialak….

Halaber, ezin dugu ahaztu gatazka honen erdigunean sektore feminizatu baten duintasuna dagoela. Oraindik ere emakume eta gizonen arteko soldata arrakala ezabatzeko bidea luzea da, eta erakunde publikoek horretan urratsak eman nahi badituzte.