Gipuzkoako Aldundiak erresidentzietako patronalekin erdietsitako hastapen akordioa blokeatu du

2019/02/14
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskariz, greba-egunen aurrean, sektoreko bi patronaletako zuzendaritzak (ordezkaritzaren %50etik gora dutenak) harremanetan jarri ziren ELArekin gatazkaren konponbidean urratsak emateko bidean. Bi aldeek hastapen akordioa lortu zuten; bada, Diputazioak, ordea, ez du pausurik eman nahi adostutakoa gauzatzeko bidean. Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek argi utzi dute ez dutela borondaterik lan-gatazka hau konpontzeko, eta nahiago dutela 5.000tik gora gipuzkoarren lan-baldintzak are gehiago gogortu.

Menpekotasunaren sektorea, gaur egun, negozio-esparru "gorakorra eta errentagarria" da oso. Hori horrela, lehen "adreilu"ko sektorean negozioa egiten zuten Estatuko eta EAEko enpresari handiak, politikan loturak dituztenak, orain sektore honetara lerratu dira.

Negozio hau, oso errentagarria ez ezik, ziurragoa ere bada, "adreilu"koa baino. Edozein herritar izan daiteke bezero, lehenago edo geroago. Kontuan izan beharreko datu bat: euskal gizarteko biztanleen herenak 65 urtetik gorakoak izango dira 2029rako. Aldundiak berak bidaltzen eta kudeatzen ditu bezeroak, eta hortik hasita enpresek, joan den mendeko ratioetan eta lan-baldintza ziztrinetan oinarriturik, gainerako guztia egiten dute. Ekuazioa erraz ulertzen da: finantzaketa publikoa (oheen %90etik gora itunpekoak) + lan-baldintza ziztrinak + legezko ratio apalak = negozio ziurra.

Baina negozioa orain arte bezain errentagarria izan dadin, lan hori emakumeek egin beharko dute, orain arte egin duten bezala, lan-baldintza prekarioetan eta diskriminaziozko egoeran.

Badakigu salatzen ari garena oso larria dela, baina azken urteotan sektore honetan gertaturikoa, eta azken asteotan Gipuzkoako Foru Aldundiak eraman duen jardunbidea ikusita, ondorio latz hori atera dugu.

Gipuzkoan, gaurko egunean, ez dago Zahar-egoitzen Sektorearen Hitzarmenik, patronalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, elkar adituz, hitzarmen probintziala suntsitu baitzuen 2009. urtean eta Estatuko hitzarmenaren aldeko apustua egin zuen. Hitzarmen honetan, soldata garbia 800 eurokoa zen, goizez, arratsaldez eta gauez urteko egun guztietan, asteburuetan ere bai, lan egitearen trukean. Gipuzkoako zahar-egoitza guztietan antolatu ziren grebak eta borrokak, batetik, eta Aldundiko arduradunetan izandako aldaketa, bestetik, nahikoak izan ziren estatuko hitzarmena alde batera uzteko, eta sektorea duintasunaren bidean jartzeko.

Eta 2017. urtetik hona zer? Bada, aurrerapausorik ez, alderantziz.

Negoziazioa bi urtez erabat geldirik egon ondoren, patronalen eta Aldundiaren erruaz, sektoreko langileak, egoeraz nazka-nazka eginda, berriro hasi ziren mugitzen, eta mobilizazioak areagotuz joan dira orain arte. Dagoeneko, 16 greba-egun egin dira, eta 19 egun gehiago daude deituta, otsailaren 20tik aurrera.

Greba-egunen aurrean, sektoreko bi patronaletako zuzendaritzak, ordezkaritzaren %50etik gora dutenak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskariz, harremanetan hasi ziren ELArekin, gatazkaren konponbidean urratsak emateko bidean.

Izandako bilera eta kontatuen ondoan, akordio-hastapen batera heldu ginen. Akordio horren baitan hurrengo hobekuntzak jaso ziren:

- Probintzia-hitzarmena berrezartzea, 2010. urtetik agortua zena, eta enpresa-hitzarmenak ere berritzea.

- Sektoreko langileek, oinarri moduan, lanaldi osoak eta kontratu mugagabea izatea.

- Kopuruz eta kalitatez aurrerapauso nabarmenak ematea, soldatak KPIren oso gainetik igoz, soldata-arrakala betiko ezabatzearren.

- Hobekuntzak kontziliazioan, lanaren eta familiaren bizitzak hobeki uztartzeko.

- Hobekuntzak plusetan: jai-egunetan, asteburuetan.

- Hobekuntzak lan-kargetan, atsedenaldietan eta abarretan.

Alderdi biok joan ginen Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunekin hitz egitera, aurreakordioa eramanez. Eta alderdi biok lanik zailena egina genuela pentsatzen bagenuen ere. GFAk eskuetan zituen tresna guztiak erabili ditu arreakordioa lehertarazteko. Gipuzkoako Foru Aldundiak enpresa eta patronalik hurbilekoenak erabili ditu akordioa hausteko, sektorerako onuragarria bazen ere, zerbitzuaren kalitatea eta baldintzak hobetzen baitziren. Eta horretarako, akordioaren kostu handia argudiatu zuen aitzakia moduan.

Eta guk galdetzen diogu geure buruari: Aldundi horrek ez al ditu markak hautsi diru-bilketan Gipuzkoako langileen ekarpenei esker? Ez al da, bada, garrantzitsua gure senitarteen, gure nagusien azken urteak kalitatezkoak izatea, eta zaintzaile dituzten langileen lan-baldintzak duinak izatea?

Antza denez, aldundiaren, Gizarte Politikako diputatu Maite Peñaren, eta ahaldun nagusi Markel Olanoren interesen artean ez dago gatazka hau konpontzea, iraunaraztea baizik. Haien apustua garbia da: EZ sektore feminizatuak hobetzeari, EZ soldata-arrakalak ezabatzeari, EZ zainketa-sektorea duintzeari eta kalitatea emateari eta BAI zainketa-lanak egiten dituzten emakumeen prekarietateari.

Eskandaluzkoa da gertatzen ari dena, eta horregatik salatzen dugu ELAtik argi eta garbi. Gipuzkoako Aldundiak esan dio EZETZ akordioari, sektorearen egonkortasunari, gure senitarteen ongizateari eta langileen lan-baldintzei. Gipuzkoako Aldundia da egoera tamalgarri honen azken erantzulea eta erruduna, berak bota baitu lurrera patronalen gehiengoaren eta sindikatu nagusiaren arteko akordioa.

Aski da propaganda merkea egiten, hauteskunde-garaiko mezuak zabaltzen, bizimodu duina bermatzerik ez duten zentroak irekitzen, ez baita inor egongo horrela lan egiteko prest.

Gipuzkoako gizartearen beharrizanak (berdintasuna, zainketak, bizia...) jarri behar dira erdigunean, eta ez metroa, Anoeta, hotelak, AHT eta abar.

ELAko langileok borrokan jarraituko dugu azken mugara heldu arte, ondorio guztietarako. Dirua badago, baliabideak ere bai, zerbitzuaren kalitatea eta lan-baldintzak hobetzeko moduko hitzarmena egin daiteke.

Gipuzkoako Aldundiak jakin behar du ezin duela gipuzkoarren dirua bahitu, eta bidezko eskakizunak erantzun gabe utzi. 5000 langileko sektore garrantzitsu honek ozenki eskatzen ditu justizia eta berdintasuna.