Gipuzkoako zahar-etxeetako ugazabek ez dute negoziatu nahi

ELA ez dago prest patronalaren ikuspuntua onartzeko. Hala adierazi du gaur, Donostian egindako prentsaurrekoan. "Ez dugu onartuko soldata-izoztea, ezta murrizketa sozialik ere, ez diegu uko egingo gogorrak eta luzeak izan diren borrokei esker lorturiko hobekuntzei, are gutxiago enpresa-hitzarmenei. Azken batean, enpresa-hitzarmen horiek dira gordeleku bakarra gure eskubideak behar bezala jasotzeko, gero benetan aplikatuko direlako bermea izan nahi badugu", azpimarratu dute ELAko ordezkariek.
ELAren apustua da plantillak egonkorragoak eta handiagoak egitea, eta lanpostu duinak sortzea (langileek bizitza-proiektu duina eta autonomoa bermatzeko bestekoak), sektore honetan lan egiten duten langileak alde egiteko beharrez egon ez daitezen.
Gainera, eskaera hauek egiten ditu: soldata-igoerak, arrazoizko lan-egutegia (ordaindutako atsedenaldiekin), berariazko hobekuntzak txandetan eta zerbitzu bereziki nekagarrietan, eta konponbide bat 60 urte betetzera heltzear dagoen pertsonalarentzat, ezin izango baitute hartu ez errelebo-kontraturik, ezta desgaitasun-aitormenik ere, besteak beste.
Gipuzkoako Aldundiak eta patronalak taxutu duten zainketa-sisteman egonkortasuna eta profesionaltasuna faktore negatiboak dira; hori horrela, egoitza askotan plantilla-errotazioak gero eta ohikoagoak dira. ELAk eskulan merkeko sistema hori salatzen du; izan ere, sistemaren oinarrian soilik diru-etekinak daudenez, errotazioak, lan-baldintza txarrak eta oso kalitate eskaseko zainketak ditugu ondorio. Horrez gain, GFAk temati jarraitzen du egoitza publikoen kudeaketa orduko/prezioan lizitatzen, altxaldi/prezioan lizitatu beharrean, eta lizitazio-prezioak low cost dira, ratioak nabarmen urriak dira, eta horren guztiaren ondorioz sistemak gero eta gaitasun okerragoa du oraingo eta geroko erabiltzaileei zerbitzu egokia emateko.
ELAk gogoratu du Gipuzkoako zahar-egoitzetako langileek %32 gutxiago kobratzen dutela, antzeko erantzukizuna eta prestakuntza-maila dituzten beste sektore batzuetako soldaten aldean. Halaber, langile askok 10 urte baino gehiago daramate lanaldi partzialean, bitartean hitzarmenean jasotako lanaldi-luzapenak errespetatu gabe, eta astero eta hilero ehunka egutegi aldatzen zaizkie langileei; laneko 22 txanda desberdin daude, ez dago aitorturik berariazko lanbide-gaixotasunik, nahiz eta egoitzetan 10 urtez lan egin ondoan langileei aje berberak agertu, egindako ahalegin fisiko itzelaren ondorioz.