Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako enplegua mantentzeko akordioa eskatu dute sindikatuek
ELA, LAB, STEILAS, UGT eta CCOO sindikatuen agiria:
Azaroaren 29an Hitzarmen Mahaia apurtu zenetik, sindikatuok azpimarratu egin dugu mobilizazioaren beharra, horixe baita posizio inmobilistetan gotortuta dauden patronalak mugitzeko modu bakarra. Izan ere, beraien helburua honako hau da: gure ikastetxeetan dagoeneko okerrera egin duten lan baldintzak betikotzea.
Ikastetxe itunduen %70 dira Gizarte Ekimenekoak, 9.000 langile inguruk dihardute sektore honetan, eta oraindik ere, 2008-2009ko hitzarmena dugu indarrean. Orain dela ia 8 urte hasi ziren hitzarmen berri bat sinatzeko negoziazioak eta 36 negoziazio mahairen ostean, ez dugu Kristau Eskola eta AICE-IZEAren aldetik erantzunik jaso gure eskaera nagusiei. Negoziazioetan argi geratu da patronalek ez dutela inongo asmorik gure aldarrikapenak kontuan hartzeko, ezta oinarrizkoenak ere. Are gehiago, hainbat gaitan murrizketak planteatzera ere iritsi dira. Beren estrategia negoziazioak era mugagabean luzatzea izan da eta eztabaida fase baten ostean, inolako aldaketa eta aurrerapausorik eman gabe, beste elkarrizketa fase berri bat proposatzea.
Testuinguru honetan sindikatuok mugara iritsi garela deritzogu, beraz, ezin dugu egora hau onartzen jarraitu. Beharrezkoa da patronalek pausoak eman ditzaten galdutako eroste ahalmenaren berreskurapenean, kategoriaren arabera 13.000 eta 30.000€ metatuta langile bakoitzeko. Ordu osagarriak aitortu behar dituzte lan pertsonalerako edota jarduera ez presentzialengatik. Urgentziazkoa da prekarizatutako sektoreen baldintzak hobetzea, Hezkuntza Laguntzako Espezialistenak eta Haur Hezkuntzako Lehenengo Zikloko langileenak, non, berriz ere, prekarietateak emakume aurpegia duen.
Enplegua mantentzeko akordio batera iritsi beharra dago, datozen urteetan jaiotze tasaren jaitsiera handia aurreikusten delako. Elementu hauek ezinbestekoak dira ikastetxeen bideragarritasunerako, lan baldintza duinekin eta kalitatezko hezkuntzarekin bakarrik bermatu daiteke eta.
Orain arte dozenaka asanblada burutu dira ikastetxeetan eta bi elkarretaratze egin ditugu; patronalek gure eskaerak erantzuteko ezezkoa mantendu eta sektoreko lan baldintzak hobetzera bideratuta egongo diren proposamenak egin ezean, laster mobilizazio egutegi bat egingo dugu publiko bigarren hiruhilabetekorako. Lanuzteak eta grebak ere deituko dira, beharrezkoa balitz.