VIVERO ADINGABEEN ZENTROA

Greba mugagabea deitu dute irailaren 12tik aurrera

2023/09/07
ELAk eta LABek greba mugagabea deitu dute Galdakaoko (Bizkaia) Vivero adingabeen zentroan, lanpostuen defentsan eta kaleratzeen aurka. Vivero adingabeen zentroa Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzu bat da, Emankor taldeko Landalan enpresak kudeatzen duena. Duela urtebete inguru, Landalanek jakinarazi zien langileei eta batzordeari (LAB eta ELA) zerbitzua emateari utziko ziola. Ordutik, kaleratzeak izan dira eta 50 langile izatetik 19 izatera igaro dira. Era berean, lan baldintzak nabarmen okertu dira. Sindikatu biek defendatu dutenez, "beste behin ere, argi geratu da publikoak izan beharko luketen eta Aldundiaren menpe dauden zerbitzuen pribatizazioa miseria dela langileentzat".

Sindikatuek hainbat bilera egin zituzten Landalaneko zuzendaritzarekin eta Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako arduradun eta zerbitzuaren titularrarekin. Bilera horietan, Landalanek adierazi zuen ez zuela ikusten zerbitzua emateko aukerarik, eta iragarri zuen utzi egingo ziola zerbitzua emateari Aldundiarekin hitzarmena amaitzean. Ildo beretik, agindu zuen enpresa berriari subrogaziorako datu guztiak emango zizkiola, hitzarmen kolektiboak adierazten duen bezala; ez dute, ordea, hitza bete. Harrezkero, zerbitzua emateko hitzarmena behin baino gehiagotan luzatu da, eta lan baldintzak okertu egin dira: ratio falta, itundutako plazak baino erabiltzaile gehiago... Narriadurak langileen lan osasuna ere arriskuan jarri du. "Urteetan Landalanek ez du sektoreko hitzarmen kolektiboa errespetatu. Bizkaiko Foru Aldundiak, errealitatea ezagutu arren, beste alde batera begiratu du ", salatu dute.

Egoera zaila izango zelakoan, ekainean bilera bat eskatu zioten Amaia Antxustegi Ziardari, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako egungo arduradunari, baina ez zuten erantzunik jaso. Orain, foru erakundeak zentroa itxi eta 16 pertsona kaleratzea erabaki du.

Sindikatuek diote Bizkaiko Foru Aldundia eta Amaia Antxustegi Ziarda direla arduradun zuzenak, baita Landalan enpresa ere, "ia 20 urtez lan baldintza oso gogorretan lan egin duten langileak kalean utzi nahi dituztelako".

"Egoera ezagutzeagatik eta ikastetxea irekita mantentzeko hitza ez betetzeagatik errudunak dira. Errudunak, pixkanaka lantokia desegin dutelako. Eta langileek zein egoiliarrek salatu dituzten bizitza eta lan egoera negargarriak urteetan zein ziren jakin arren, langileen lan eta bizi proiektuekin jolastuz beste aldera begiratzearen errudunak ", ondorioztatu dute.