Oposiziogileen eskubideak bermatuko dituen hautaketa-sistema ezartzea exijitu dio ELAk Osakidetzari

2018/10/10
Darpon sailburua osasun batzordean egindako agerraldian orain arte esandakoak errepikatzera mugatu da: ez daudela filtrazioen eta irregulartasunen frogak; ezta prozedura kaotiko honen arduradun zuzenik ere. ELAren ustez, aldaketa sakonak egin behar dira hautaketa-sistema segurua eraikitzeko, oposiziogileen eskubideak bermatzeko, eta hautaketa guztiak enplegu publikoaren sarbiderako printzipioari jarraiki egingo direla ziurtatzeko.

Osakidetzako EPEan izandako irregulartasunak ikertzeko egindako lanen eta hartutako neurrien berri emateko Darponek egin duen agerraldian orain arteko jarrera bera erakutsi du: EPE honen antolaketa eta prozedura honetako gardentasuna eta aukera berdintasuna bermatzea bere ardurak ez balira bezala jokatu du.

Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen kontrol sistemak huts egin duenik. Hala ere, sailburuak filtrazioak eta irregulartasunak ukatzen jarraitzen du eta ez du erantzukizunik zehazten.

Kapitulu berri honen aurrean, aurrekoen errepikapen hutsa dena, orain arte esandakoa errepikatzea besterik ez zaigu geratzen:

1.- Ikerketaren gardentasun falta eta emaitzak: ELAk Osakidetzako mahai sektorialean ordezkaritza zabala badu ere, prozesu osoan jaso dugun informazio bakarra Osakidetzak hedabideetan zabaldu duena izan da. Ez da inolako borondaterik egon ikertutakoaren inguruan eta horren emaitzen inguruan benetako informazioa emateko.

 

2.- Ez dute gertaturikoa ikertu nahi, ezta erantzukizunak egotzi ere: ikerketa erantzulerik aurkitu gabe amaitu da, eta azterketa-isurtzerik eta irregulartasunik izan denik onartu gabe, nahiz eta zantzu garbiak izan.

Osakidetzak dena ukatzen jarraitu du, hiru kategoriako azterketen errepikapena eta beste kategoria baten prozeduraren etetea mantentzen ditu (espedientea ireki die sei epaimahaikideri) baina hala ere bere horretan jarraitzen du, azterketa-isurtzerik izan ez dela ziurtatuz, eta gertaturikoak proben emaitzetan inolako eraginik izan ez duela baieztatuz.

Ikerketa estatistika datu batzuk ateratzera mugatu da. Gainera, datu horiek epaimahaikideen esku utzi dira, alegia, salatutako prozesuaren parte izan diren epaimahaikide horien esku. Oso larria da azterketak errepikatzea edo ez errepikatzearen erabakia haien esku utzi izana. Ez da testigantzarik jaso salatzaile, epaimahaikide edo azterketak prestatu dituzten aldetik (dela IVAPen, dela epaimahaietan).

Plantak egin dituzte, baina benetako ikerketarik egin gabe. Argi dago, ordea, salatu ditugun irregulartasunak gertatu izan direla; ikusi besterik ez dago azterketa batzuk errepikatu beharra eta epaimahaikide batzuei irekitako espedientea.

3.- Ez dago borondaterik mediku espezialistak hautatzeko eta kontratatzeko sistema ustel horrekin amaitzeko. ELAk askotan salatu du EPE horretan gertaturikoa ez dela kasu bakana izan, sistema ustel baten erakusgarria baizik. Eta sistema horren gailurrean zerbitzuburu jakin batzuk daude, Osakidetzako zuzendaritzaren babes osoaz. Haiek kontrolatzen dute nor sartuko den lan egitera bere ardurapeko zerbitzura, lehenengo aldi baterako kontrataziopean, eta gero, behin EPEa gainditu ondoren, kontratazio finkoarekin.

Hau da, enplegu publikoaren gidari izan behar diren printzipioak alde batera utzi dira, nahita, zerbitzuaren beraren kalitatearen kaltetan, eta hori dena hautaketa-sistema ustel baten baitan.

Fiskaltzara eta Arartekora eraman izan dugu salaketa hau. Hori horrela izanik, eta deialdi honetan gertatu dena ohikoa izan arren, Osakidetzak ez du borondaterik erakutsi sistema ustel horrekin behingoz bukatzeko.

4.- Egoera horren aurrean, ELAk honakoa exijitzen du:

Erantzukizun politikoak eta penalak, baleude, egotzi behar dira. EPEan gertaturikoa oso larria da, eta auzi hau konpondu gabe bukatutzat eman nahi izatea onartezina, dagozkion erantzukizunak inori leporatu gabe, dela egile nagusi gisa, dela konplize gisa.ELAk, beste behin, Darpon sailburuaren kargugabetzea eskatzen du, bera baita gertatutakoaren erantzule nagusia.

Mediku espezialisten hautaketa-sisteman dagoen ustelkeria ezabatu behar da behingoz. Hautaketa-sistema horren barruan aldi baterako kontratazioa eta EPEak daude. Horren oinarrian behin-behinekotasunaren tasa handia dago, Osakidetzan %38 ingurukoa.

Bistan denez, indarrean dagoen EPE sistemak porrot egin du, ez baitu behar adinako bermerik ematen. Horregatik, aldaketa sakonak egin behar dira, hautaketa-sistema ziurra eraikitzeko, oposiziogileen eskubideak bermatzeko, eta hautaketa guztiak enplegu publikoaren sarbiderako printzipio gidarien arabera egingo direla ziurtatzeko.

Momentuz, etorkizunari begira iragarritako neurriek ez dute gardentasuna bermatzen, ezta gaur egun indarrean dagoen sistema aldatzen ere.