Hezkuntzako sukalde eta garbiketako lan egoera larriari konponbiderik eman gabe darrai Jaurlaritzak

2017/12/21
Hezkuntzako sukalde eta garbiketako lan egoerari buruzko bilera izan dute gaur sindikatuek eta Administrazioko ordezkariek. Bileran argi geratu da zein den Jaurlaritzaren asmoa: iruzurrean oinarritzen diren kontratuen bidez betetzen dituen egiturazko lanpostuen erdia soilik azaleratzea, behin-behinekotasuna %63tik jeisteko planteamendurik ez egitea, lan-kargak jaisteko proposamen partzialak besterik ez egitea eta murrizketak betikotzea.

Gaur Hezkuntza Sailak egindako proposamenek ez diote sukalde eta garbiketako langileen kolektiboek pairatzen duten lan egoera larriari konponbiderik ematen. Bi sektore hauen etengabeko pribatizazioarekin amaitzeko proposamenik ere ez du egin.

Lanean diharduten sukaldarien artean behin-behinekotasuna %62koa (291 behin-behineko) eta garbitzaileen artean %66koa (221 behin-behineko). Gauzak horrela ere, Jaurlaritzak ez du lanpostu hauek egonkortzeko proposamenik ekarri. EPE bat lantzeko prest legokeela errepikatu digu, baina inolako zehaztasunik egin gabe, ez plaza kopuru, ez epemuga, ez baldintzei dagokionez ere. Bi sektore hauen pribatizazioa ekidin nahi bada, ezinbestekoa da azken hamarkada luzeetan behin-behinekotasunean lan egitera behartuak izan diren langileak egonkortuko dituen plan bat abian jartzea, sindikatuokin adostutakoa eta langile hauen lanpostuak eta lan baldintzak bermatuko dituena.

Hezkuntza Sailak, legeak dionaren kontra, lanaldi osokoak ez diren lanpostuak aurreikusten ditu lanpostu zerrendan. Gaurkoan, lanpostu hauek aztertzeko konpromisoa hartu du baina ez du ziurtatu irregulartasun hau zuzendu eta lanaldi osoko lanpostu bihurtuko dituenik. Bestalde, lanpostu zerrendatik kanpo dituen egiturazkoak diren 150 lanpostutik gora lanpostu zerrendan azaleratzeko inolako borondaterik ez du agertu. Iruzurrean oinarritzen diren “laguntza kontratu” bidez, egiturazko 50 lanpostutik gora daude egun kolektibo hauetan. Bada, hauetatik 30 inguru soilik lanpostu zerrendan isladatzea planteatu du Jaurlaritzak, gainerakoak iruzurrean mantenduz.

Azken urteetan etengabe hazi diren lan-kargak arintzeko proposamen gisa, dieta bereziak daudenean ordu kreditu gehigarriak ezartzeko proposamena egin du Administrazioak (5 dieta berezi desberdinekin ordu kreditu gehigarri bat eguneko, 6 eta 10 dieta berezi bitarte 2 ordu eta 10etik gora 3 ordu gehigarri). ELAk 20 dieta berezi desberdinetik gorako kasuetan 4 ordu gehigarri eskatu ditu eta dieta berezi bakoitzeko 10 bazkaltiarretik gora ordu kreditu bat gehitzea. Jakien eta APPCCak egiteko ere ordu kreditu gehigarri bat eskatu dugu. Garbitzaileen kasuan, lan hitzarmenak jadanik jasota duen lanaldiko 1.240 m2 ratioa gainditzen den kasuetan edo Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuetan, hitzarmena betetzeko asmoa besterik ez digu adierazi Jaurlaritzak, metrajea jeisteko edo metro kubikoen araberako ratioak ezartzeko planteamendurik egin gabe.

Formazioari dagokionez, aspalditik heldu beharreko betebeharrari erantzun besterik ez dio egin, 2018-2020 urteetarako formakuntza gai desberdinak proposatuz (formazio teknikoa, lan osasuna, euskalduntzea...).

Funtzioen aitortza eta kategoria hobetzearen inguruan berriz, asmo onak besterik ez ditu adierazi Administrazioak, gaia Batzorde Parekidera desbideratuz.

Eroste ahalmenaren berreskurapena, gaixotasun bajak, ordezkapenak edo errelebo kontratua negoziaziotik kanpo utzi ditu berriro ere Hezkuntza Sailak.

5 greba egunen ondoren, zerbait gehiago espero zitekeen, baina argi dago egoera larri honi buelta emateko greba eta mobilizazioak indartzea beste biderik ez dagoela.