Jaurlaritzak iragarritako 8.764 lanpostuen deialdiak ez du beteko Iceta Legea eta Europako agindua
Sektore publikoko langileen behin-behinekotasunaren arazoak konpondu gabe jarraituko du EAEn. Jaurlaritzak 8.764 lanpostu betetzeko iragarritako deialdiak bakarrik Administrazio orokorreko behin-behinekotasuna %12 arte murriztuko du, baina sektore handienetan, Osakidetzan eta Hezkuntzan, bere horretan jarraituko du: iragarritako lanpostuak hain dira gutxi, langileen behin-behinekotasuna %40 baino handiagoa izango dela.
Beraz, Olatz Garamendi Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko Sailburuak ziurtatu arren Administrazio Orokorrean ‘eskaini ahal ziren postu guztiak’ eskaini dituztela, argazki orokorrak kontrakoa erakusten du: Jaurlaritzak ez ditu Iceta Legeak eta Europako Justizia Auzitegiak ezarritako % 8 mugara iristeko adina lanpostu eskainiko. Hau da, ez ditu legeak ahalbidetzen dituen lanpostu guztiak aterako, horretara derrigortuta egon arren.
Gogoratu dezagun legeak honako baldintza hau jartzen duela: hiru urtez jarraian lanpostu bat bete bada, hori egonkortu behar da. Jaurlaritzak, ordea, ez die sindikatuei adierazi nahi halako zenbat lanpostu dauden, behin eta berriro eskatu arren. Gardentasun falta larria izateaz gain, inkoherentziak sortzen dira ateratako plazekin eta behin-behinean dauden langileen kopuruekin. Izan ere, Jaurlaritzak berak emandako datuen arabera, Hezkuntzan 9.947 behin-behineko daude hiru urte baino gehiago jarraian lanean daramatzatenak, Osakidetzan 14.677 dira, eta Administrazio Orokorrean 3.300. Datu horiek iragarritako plaza kopuruekin erkatuz gero, begi bistakoa da ez direla ahal diren lanpostu guztiak kontsolidatuko. Gutxi batzuk baizik, honako taulan agerian geratzen denez:

Sindikatuekin negoziazioatzeko borondatea izan diren Aldundietan eta Udaletan, aldiz, behin-behinekotasuna nabarmen txikituko da elkarlanari esker. Datuek hala erakusten dute:

Hortaz, %8ko langaren helburua lor daitekeela erakusten dute Aldundietako eta Udaletako datuek, une honetan legeak aukerak ematen baititu langileak egonkortzeko.
Jaurlaritzak, aldiz, nahiago izan du sindikatuoi bizkar eman, eta bere kabuz deialdiak zehaztea, negoziaziorik eta daturik eskaini gabe, langileak kontsolidatzeko aukera alboratuz. Beraz, pentsa liteke Jaurlaritza erosoago sentitzen dela behin-behinekotasun kopuru handiei eusten. Azken batean, horrek ahalbideratzen baitio langileekin malguago jokatzea (egutegiekin, ordutegiekin, lanpostu aldaketekin...) eta pribatizazioaren bidez azpikontratazioa bultzatzea, negozioa eginez, besteak beste.
ELArentzat deitoragarria da Jaurlaritzaren jarrera. Datuak argitara eman eta plaza guztiak atera ditzala eskatzen dio sindikatuak, eta hori egin ezean, bide judiziala ere aztertuko du. Langileak antolatzen eta mobilizatzen jarraituko du ELAk.