Irailaren 20an emakumeok kalera, denok gara #erresidentziakborrokan|

2017/09/13
300 greba egun baino gehiago eta Bizkaiko zahar etxeetako gatazkak bere horretan dirau. Bizkaiko Foru Aldundiak eta patronalek beste alde batera begiratzen duten bitartean, lan eremua aspaldi gainditu zuen gatazka sozial hau bizi duten langileek -bereziki emakume izateagatik- jasan behar dituzten mespretxu eta irainak gizartearekin konpartitu nahi dituzte. Irailaren 20an emakumeek soilik gidatuko duten manifestazioa egingo da Gasteizen, Babesgabetuen Andre Mariaren plazatik abiatuta, zaintzaileak zainduz, bizitzak zaindu! Ni cuidadora natural, ni trabajadora a explotar lelopean. Mobilizazioa 10:45ean hasiko da.

Kamiseta Berdedun Emakumeak versus Markako Trajedun gizonak: 300 Egunetik Gora Greban Bizkaiko Zahar Etxeetan

Jone Bengoetxea- ELA Genero Berdintasuna

Gaur, inoiz baino gehiago, ausarta naiz”. Bizkaiko zahar egoitzetako gatazkan murgilduta dagoen emakume grebalari baten hitzak dira horiek, baina beste edozein grebalarirenak izan zitezkeen. Izan ere, berak ondo daki ez dagoela bakarrik bide aldapatsu honetan; beste ehundaka emakume daude, berarekin batera, greban. 300 greba egun baino gehiago dagoeneko. Borroka gogorra da hau, konplikatua baina kementsua, oztopoak gainditzen ikasi baitute. Izan ere, grebalariek aurrez aurre dituzte negoziatzeko borondaterik deus ez duten patronalak eta beste alde batera begiratzen duen Bizkaiko Foru Aldundia, biak ala biak korapilo hau askatzeko gakoak direla onartu gabe, gizarteari helarazi nahian lan eremuko ika-mika soila dela hau. Gezurretan ari dira.

Kamiseta berdea soinean, megafonoa eta pankarta eskuan, emakume hauek kaleak hartu dituzte, kontzentrazioak egin dituzte, azken finean, urte luzez emakumeoi ukatu zaigun espazio publikoa bereganatu dute, konkistatu ere. Bilbo edo ingurutik bazabiltza, noizean behin behin ikusiko dituzu; eurengana hurbildu eta euren testigantza jasotzeko aukera baduzu, zalantzarik gabe hurreratu eta entzun, benetan zirraragarria da euren kemena eta ausardia. Zahar etxeetako erabiltzaileen senideek ere bat egiten dute eurekin, are gehiago, erabiltzaile batzuek ere manifestazioetan parte hartzen dute.

Egoera honen arduradunek helburu argia dute: grebalariak nekatzea nahi dute, modu “naturalean” nekatu ere. Horrela, herritarrek pentsa dezakete emakume zoro talde baten bat-bateko haserrealdia baino ez dela izan hau, egun batetik bestera eskuraezina den zerbait eskatzen ari den talde zoroa. Bitartean, noski, beste askok jarraituko lukete aberasten errentagarria den zaintzaren negozioarekin.

Egia esan, irtenbidea ez da erraza. Izan ere, zaintzak lan merkatu arautuan merkantilizatu eta azpikontratatzeko erabaki politikoa hartu dute gure agintariek. Halere, ezinbestekoa da eztabaida horri heltzea, gatazka honek, batez ere, bizitza eta kapitalaren arteko kontraesanak azaleratu baititu. Funtsean, feminismo antikapitalistaz ari gara. Alde batetik, azpiegitura erraldoiak edo ekitaldi kultural erraldoiak egitera bideratu daiteke diru publikoa; bestetik, lan merkatu arautuan zaintza duina bermatzeko inbertsioa bermatzera. Hortxe koxka, zeinen alde egingo dugu? Zein gizarte eredu nahi dugu? Gure agintariek argi utzi dute zein den euren lehentasuna.

Hoteletako “Kelly”ak, etxez etxeko zerbitzua eskaintzen duten langileak, garbitzaileak, eskoletako jangeletan lan egiten dutenak, supermerkatuetan beharrean daudenak… feminizatutako sektore prekario guztietako emakumeak, eta, noski, baita etxeko langileak eta eskubide oro ukatua duten etxeko barneko langileak ere. Horiek guztiak ere badira gatazka honen atzean inposatutako prekarietate feminizatuaren isla. Ukaezina da emakumeon lan-baldintzak hobetu behar direla, ezin zaio borroka horri bizkarra eman, betiere, kontziente izanda hori ez litzatekeela nahikoa izango gure jendarteko egiturazko desberdintasunak gainditzeko. Aparteko lana eskatzen du horrek.

Ildo beretik, ELAk gidatutako greba honek argi erakutsi du antolaketa eta borroka kolektiboa inoiz baino beharrezkoagoak direla. Hortaz, denonak eta denontzat diren borroka hauek sindikalgintzaren agendaren erdigunean kokatu behar dira. Errealitateak argi erakusten du, irakurketa politiko-ideologikoez haratago, baliabide materialak behar direla. Ezinezkoa izango zen emakume guzti horiek kalera ateratzea eta greba egitea baliabiderik gabe; denbora, lantaldea, energia eta erresistentzia-kutxa ezinbestekoak dira. Asanbleak, epaiketak, kaleratzeak, bisitak, kafeak, ardoak, kanpaldiak, prentsaurrekoak, argitalpenak, aldez aurretik egindako negoziazioek eskainitako esperientzia, lorik egin gabeko gauak… Hala ere, beharbada, gauzarik aberasgarriena ez da neurtu daitekeen hori, baizik eta barne prozesua, alegia, emakume asko batzeak eta indarra metatzeak eskaini diena: ahalduntzea. Elkartasunak eta lantaldeak indartu ditu.

“Ez gara zaintzaile naturalak, ezta esplotaziorako langileak ere”. Hala diote grebalariek. Egia esan, denek onartzen dute nekatuta egon badaudela, baina jarraian dator zuzenketa: “Nekatuta bai, baina inoiz baino konbentzituago”.

Historikoki zaintza lanen zama emakumeek jasan behar izan dutenez- doan eta maitasunaren izenean gainera- grebalariek amore emateko tentazioa izan dezakete, baina argi daukate ez dagoela atzera bueltarik. Lan eremuan eta maila pertsonalean ari dira hautsak astintzen, konpromisoa hartzen eta inplikatzen, etxetik kanpo zein etxean bertan guzti horrek izan ditzakeen ondorioak onartuz,

Emakume grebalari gehienek ez dute euren burua feministatzat, praktikan, ordea, badira, beste inoren onarpenaren beharrik gabe. Asko ez dira borroka honen izaera feministaz kontziente, baina guk beti eskertuko diegu emakumeon eskubideen alde egiten ari direna, eta, beraz, gure genealogia feministaren parte izango dira beti.

Bide batez, greban dauden emakume hauei babesa eskaintzeko egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin nahi dizugu. Irailaren 20an izango da 10:45ean Gasteizen.

Esan beharra dago honako hau deialdi berezia dela, sindikatu mistoa izanda ere, emakumeok soilik hartuko baitugu parte horretan. ELAk erabaki hori hartu du, emakumeon arteko elkartasuna eta harremana indartzeko asmoz, eta, noski, baita gatazka honen izaera feminista indartzeko ere. Hortaz,emakume, ahizpa, konplize, animatu eta parte hartu! Hau guztion borroka da, denok gara #erresidentziakborrokan!

 

#ErresidentziakBorrokan!

GORA BORROKA FEMINISTA!