Lan-arriskuen prebentzioari buruzko epaiak betetzeko eskatu dio ELAk Bilboko Casa Misericordia egoitzari

2021/11/17
Misericorida egoitzak 15 milioi euro baino gehiagoko balioa duen higiezin bat saldu berri du Bilbon, baina prebentzioan neurriak bete gabe jarraitzen du eta 20 urte baino gehiago bertan lan egin duen langile bat kaleratu

Azaroaren 17an Bilboko Miserikordia egoitzako langileek elkarretaratze bat egin dute kaleratutako langilea berehala lanera itzul dadila eskatzeko eta patronalaren gehiegikeriak salatzeko, behin eta berriz uko egin baitio langileen aldeko ebazpen judizialak betetzeari, ELA sindikatuak agente biologikoekiko esposizioaren aurrean prebentzioaren arloan hainbat eskaera egin ostean.

Langileek Lares patronalaren beste egoitzetako ELAko ordezkarien babesa jaso dute (Maisericordia taldeko kide baita) eta egoiliarren senideak ere izan dira bertan. Gainera, gaur bertan, ELAko ordezkariek Gizarte Ekintzako diputatu Sergio Murillorekin eta Bilboko alkate Juan Maria Aburtorekin biltzeko eskaera erregistratu dute, gatazkan La Misericordiako Patronatuko Batzordeko kide gisa duten erantzukizuna eskatzeko.

Agente biologikoen prebentzioa

ELAk Misericordia salatu zuen 2018. urtearen amaieran laneko arriskuen prebentzioaren arloko neurriak ez betetzeagatik; zehazki, langileen garbiketa denbora ez onartzeagatik, irteeraren edo atsedenaldiaren aurretik, agente biologikoekin harremanetan baitzeuden.

Hiru urte geroago, eta epaileen ebazpen guztiak langileen aldekoak izan badira ere, enpresako zuzendaritzak ez du onartu nahi, eta haietako bakoitzaren aurkako errekurtsoa jarri du, aplikazioa denboran atzeratzeko helburu argiarekin.

Ildo horretan, zuzendaritzak Auzitegi Gorenera jo du iraileko azken epaiarekin, eta langileei jakinarazi die "kautelaz" erabaki duela 2021eko urriaren 1etik aurrera garbiketa pertsonalerako 20 minutuak aitortzea, jakin badakielako denbora kontua dela hori egitera behartzea.

Osasun pandemiaren testuinguru honetan, onartezina da enpresaren estrategia hori, agente biologikoekiko esposizioaren aurkako prebentzio neurriak betetzea aldarrikatzen ari garenean (31/1995 Legea eta 664/1997 Errege Dekretua). Enpresaren erantzuna oso koherentea izan da azken hiru urteotan, pandemiaren aurretik eta pandemian zehar, eskubide hori aitortzea oztopatu eta zaildu besterik ez baitu egin. Hala ere, ELAk eutsi dio langileen eta egoiliarren osasunerako eskubideari lehentasuna emanez. Hori dela eta, ELAk aurrera jarraituko du lehen demanda jarri zenetik baliatu ez diren eta garbiketa pertsonalerako eguneko 20 minutuak konpentsatzeko diru kopuruen erreklamazioekin. Langile batzuen kasuan, zenbateko horiek 4.000 eurotik gorakoak dira.

Izan ere, ez dirudi Misericordiak diru arazoak dituenik, hala badiote ere. Orain gutxi 15 milioi euro baino gehiagoko balioa duen ondasun higiezin bat saldu baitute Bilbon.

ELArentzat onartezina da enpresaren jarrera hori, eta are gehiago Lares taldeko beste egoitza batzuetako zuzendaritzek, ELAren aldeko salaketa eta epaien ondoren, onartu egin dituztela kontuan hartuta.

Langile baten kaleratzea

Bestalde, urriaren 13an lankide bat kaleratu zuen zuzendaritzak antolaketa arrazoiak argudiatuta, eta enpresa batzordeak (ELAk du gehiengoa) hainbat mobilizaziorekin erantzun zuen. Azkena azaroaren 5ean, bisitetako atean, izan zen, San Mameseko partidara joaten ziren pertsonei informazio orriak banatuz.

Azaroaren 11n egin behar zen manifestazioa, ordea, bertan behera geratu zen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atzera bota baitzuen alegatuz galtzadatik egindako manifestazioak zerbitzu publikoa aldatzea ekarriko zuela, eta espaloitik egitera behartzen zituen langileak, protestaren eraginkortasuna galduz.

ELAk uste du ezin dela justifikatu langilea kaleratzea, egoitzan 20 urte baino gehiago eman ondoren, eta are gehiago pandemiaren testuinguruan areagotzen ari diren lan karga handiak kontuan hartuta.