EITB

Lan hitzarmena negoziatzeko bilera egutegia adostea eskatu dute langile batzordeek

2025/01/28
15 urte daramatzate hitzarmena negoziatu gabe, eta horrek hainbat ondorio izan ditu: alde bakarrez ezarritako soldata igoerak, lan txandak etengabe aldatzea zenbait sektoretan, edo garapen profesionalerako aukerarik ez izatea, besteak beste.

EITBko enpresa batzordeek elkarretaratzea egin du erakunde publikoaren aurrean, Bilbon, 15 urtez negoziatu gabe daraman hitzarmenaren negoziazioari behingoz heltzeko. Langileek diote negoziazio kolektiborako eskubidea ukatzen ari zaiela. Gauzak horrela, bi aldeek adostutako bilera egutegi bat finkatzea eskatu dute, aspaldidanik eskatzen ari diren gai guztiak jorratzeko asmoz.

Ohar bateratua:

Azken 3 urteetan 20-21 legeak administrazio guztiei inposatu dizkien egonkortzeko prozesuetan buru belarri murgilduta egon gara. Denbora horretan zuzendaritzak prozesu horiei eman die lehentasuna, gardenak, bidezkoak eta legezkoak izan zitezen eta langile batzordeek planteamendu hori onartu zuten.

Egokortzeko prozesu hori abenduaren 31an amaitu zen. Bitartean, lan baldintzekin lotutako gai ugari sortu dira baina atzeratu behar izan dira interferentziarik ez egiteko.

Gauza asko gertatu dira Lan Hitzarmena negoziatu gabeko 15 urtetan. Ikusentzuneko komunikazioaren mundua aldatzen ari da eta horrekin batera gure lan errealitatea ere. Bitartean, atal askotan zaharkituta dituzten hitzarmenekin jarraitzen dugu, eta zuzendaritzak muturreraino bihurritzen ditu, negoziaketa kolektibo oso baterako eskubidea ukatuz.

Ezin dugu negoziatu soldata igoera. Lakuatik inposatzen digute. Eta inposatzen digute baita, egungo erronkei aurre egiteko zenbateko lantaldea behar dugun ere. Horrez gainera, zuzendaritzak lanpostuen definizio berria zehazteko lana kanpoko enpresa baten esku uztea erabaki du eta guztiz baztertzen du horrek soldatak berrikustea ekarriko duenik.

Era horretan guztiz itxi ditu negoziaketarako ateak datozen bi urteetarako. Irratiaren kasuan, adibidez, negoziaketa 2023ko azarotik adostuta egonik ere.

Hainbat kolektibori lan txandak etengabe aldatzen zaizkie; garapen profesionalerako aukerak ukatzen zaizkie eta guztion ustea da ez dagoela interesik negoziaketa oso bat egiteko; bai ordea, langileen interesei baino, zuzendaritzaren interesei erantzuten dieten negoziaketa partzialak.

Egoera horren aurrean zuzendaritzari bi aldeen artean adostutako negoziaketa egutegi bat eskatzen diogu, urte hauetan aldarrikatu ditugun gai guztiak barne hartuko dituena, ezer kanpoan utzi gabe. Zuzendaritzaren gelditasunak konpontzeko zailak diren egoerak sortu ditu eta ordua da ekiteko.

Horregatik, EITBko batzordeen ordezkari guztiak batu gara elkarretaratze honetan.

ETBko Langile Batzordea

EIko Langile Batzordeak

EITBneteko Langile Batzordea

EITB HEko Langile Batzordea