BILBOKO UDALA

Langileen lanuzteak jarraipen zabala izan du

2024/06/12
Bilboko udal agintariek ez dute oposizioetan behin-behineko langileen esperientzian kontuan hartu nahi. ELAk neurri hori bertan behera uzteko eskatu du.

Bilboko udaleko langileak hiru orduko lanuztea egin dute 9:00etatik 12:00etara enpleguaren defentsan, eta jarraipen zabala izan du. Bilboko Udalak oposizio batzuk egin nahi ditu behin-behineko langileen esperientzia kontuan hartu gabe, hau da, udalean lan egindako denbora aintzat hartu gabe. Gainera, lan baldintzak negoziatzeko eta lantaldearen belaunaldi aldaketa bermatzeko negoziazioak erabat blokeatuta ditu Aburtoren taldeak. Hori guztia langileek erosahalmena galtzen ari direnean eta zenbait zerbitzu pribatizatu nahi direnean.

Horren aurrean, langileek lanuztea egin dute, ELAk deituta. Behin-behineko langileen aurkako neurriak bertan behera uztea eskatu diote Udalari, eta lan baldintzak negozia ditzala. Gaurko jarraipena ikusita, eta egoera ez bada errotik aldatzen, ELAk mobilizazio berriak iragarriko ditu eta bat egiteko deia luzatuko die ordezkaritza duten gainerako sindikatuei.