UPV/EHU

Lanuzteak iragarri dituzte unibertsitatean finantziazio handiagoa eskatzeko

2025/11/21
Lanuzteak iragarri dituzte unibertsitatean finantziazio handiagoa eskatzeko
Legebiltzarrean 2026rako EAEko aurrekontuen eztabaida betean, sindikatuek finantziazio gehiago eskatu dute Euskal Unibertsitate Publikoarentzat (EHU). Hala, LABek, STEILASek, ELAk eta CGT/LKNk lanuzteak eta elkarretaratzeak iragarri dituzte EHUn, alderdi politiko guztiei, eta bereziki Eusko Jaurlaritzari eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuari, beharrezko finantzaketa exijitzeko. Lanuzteak 11:00etatik 12:00etara egingo dira abenduaren 1ean Leioan, 2an Donostian, 3an Gasteizen eta 4an Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen ordezkaritzaren aurrean; elkarretaratzeak, berriz, 11:15ean izango dira. Era berean, EHUk behar duen finantzaketa lortzeko jarrera irmoa izateko eskatu diote errektoretza-taldeari.

2026rako EHUra bideratutako finantzaketa apur bat handituko dela aurreikusten bada ere, sindikatuek azpimarratu dute aurrekontu partida horrekin ezinezkoa dela unibertsitateak dituen beharrak asetzea eta ez dela iristen 2031rako Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak helburutzat ezarritako BPGaren % 1era. Halaber, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak zenbait hedabidetan egindako adierazpenak salatu dituzte; izan ere, argi utzi baitu ez dutela kopuru horretara hurbiltzeko inolako asmorik. "Europako Estatu askotan unibertsitate publikoen finantziazioak BPGren % 1 gainditzen duen bitartean, EHU finantzatzeaz arduratzen direnak kontzienteki ari dira beren oraina eta etorkizuna konprometitzen", deitoratu dute.

EHUn lanean hasten diren irakasle eta ikertzaileen soldatak bigarren hezkuntzako irakasle hasiberrien soldatak baino txikiagoak dira, eta erosahalmenaren galera oso nabaria izan da. 2008tik, irakasle agregatuen eta unibertsitateko titularren soldatek % 24,3ko galera izan dute. Horri gehitu behar zaio soldatak osatzeko 2006an sortutako osagarriak izoztuta mantentzen direla, KPIaren igoera % 46,6koa izan baita urte horretatik aurrera.

Era berean, lanaldi osoko ordezko irakasleak kontratatzeko bidea aurkitu den arren, lanaldi partzialeko irakasleek 400 eta 800 euro artean kobratzen jarraitzen dute, egiten dituzten ezinbesteko jardueretako batzuk aintzatetsi gabe. Ikuspegi ekonomikotik behintzat, unibertsitateko irakasle eta ikertzaile izateko iraupen karrerak ez du lanbide hori erakargarri egiten, eta jakintza arlo batzuetan gero eta irakasle plaza gehiago ari dira hutsik geratzen. Adierazi dute horrek ondorio larriak izango dituela epe ertain eta luzera, unibertsitate publikoko sail batzuetan ez baita irakasle nahikorik egongo.

Teknikarien, Kudeaketaren eta Administrazio eta Zerbitzuen kasuan, azken 15 urteetan izandako erosahalmenaren galera % 18,2koa izan da. Gainera, zerbitzu eta/edo unitate askok langile gehiago behar dituztenez, gero eta zailtasun handiagoak daude ordezkapenak betetzeko. Ordainsari maila txikiena duten lanpostuak berrikusi egin behar dira, eta soldata baldintza duinak eta bizitzaren benetako kostuarekin bat datozenak bermatu behar dira. Irakaskuntza, ikerketa eta gainerako jarduerak behar bezala garatzeko, ezinbestekoa da Kudeaketaren eta Administrazio eta Zerbitzuen lana. 

Hala ere, Europako beste herrialde batzuetan irakasle eta ikertzaile/Teknikarien, Kudeaketaren eta Administrazio eta Zerbitzuen ratioa 2 da; EHUn, berriz, 2,76.

Era berean, salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzak "alfonbra gorria jartzen die unibertsitate pribatuei, unibertsitate hezkuntzako eredu elitista sustatuz".

"Unibertsitate pribatuen flota gero eta anitzagoa eta indartsuagoa da, erakundeek erraztasun guztiak ematen dituzte eta diru publikoarekin finantzatzen da zuzenean edo zeharka", salatu dute.