LOMCE erreformatuta ere Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren eskumenak ez dira errespetatzen

2019/01/10
ELAk ongi irizten dion arren LOMCEren alderik okerrenetako batzuk bertan behera uzteko asmoari, gure hezkuntza eskumena osorik errespeta dadila exijitzen du. Bide beretik, Madrilgo Gobernuak murrizte-politika baztertzeko asmorik ez duela salatzen du. Espainiar Gobernuak lege aldaketarako aukeratutako bideak, lege organiko bidezkoak alegia, erreformaren izapidetza luzatu eta bere onarpena zailduko duela ere salatzen du sindikatuak.

Batetik, LOMCErekin hezkuntza-eredu zentralizatzailean sakontzen zen, Euskal Herriko eskumenei eraso berri bat eginez. Bestetik, ezarri zuen hezkuntza eredua antidemokratikoa, doktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista izan zen. Bere helburu nagusienetako bat hezkuntzaren merkantilizaziorena zen, hezkuntza merkatu eta kapitalaren zerbitzura jarriz.

Sanchezen gobernuak proposatu duen erreformak LOMCEren alderdirik okerrenak indargabetzeko asmoa du: errebalida edo azken ebaluazioak; Estatuaren esku zegoen curriculumaren zabaltzea; hizkuntza koofizialetako murgiltze ereduen debekua; DBHko 3. mailatik ikasleak segregatzea; erlijio eta balio etiko eta zibikoen ikasgaien trataera eta aintzatespena; eskoletako parte hartze demokratikoa eta eskola-kontseiluen eskumenak mugatzea; edota ikastetxe pribatuen mesedetan ezarri zen planifikazioaren desarautzea.

Haatik, onartuko balitz ere, erreforma honekin LOMCE ezarri aurreko egoerara itzulitziko ginateke, besterik ez, esaterako, eskumenen inbasioari dagokionez, azken urteetan aplikatzen ari den murrizketa politiketan ez luke eraginik izango eta ez luke zuzenduko jada LOEn ageri den hezkuntzaren merkantilizaziorako joera ere.

Beste adibide bat. Espainiar Gobernuak jarraituko luke bere inposaketarekin: curriculumaren edukien %55a zehaztea, titulu akademikoak lortu, agiriak eman eta homologatzeko eskubidea edota unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen oposaketa sistema ere. ELAk uste du badirela erantzuna behar duten hainbat beharrizan: murrizketa politika atzera botatzea, hezkuntza inbertsio publikoa gehitzea, lanpostuak gehitzea, ratioak jaisteko zein enplegua kontsolidatu eta behin behinekotasuna %6ra jaisteko neurriak hartzea, eta urteetan hezkuntzako langileei aplikatutako gainerako murrizketak atzera botatzea.

Egoera honen aurrean, ELAk Lakua eta Iruñako gobernuei exijitzen die gure eskumen osoa defenda dezatela, murrizketa politika atzera bota dezatela eta gure hezkuntza sistemak dituen beharrei erantzun diezaiotela.