Manifestazioa Bilbon, abenduaren 2an, Basurtuko bihotzeko kirurgia ixteko erabakiaren aurka

2022/11/29
ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk manifestazioa deitu dute Bilboko Basurtuko Ospitaleko bihotzeko kirurgia ixtearen aurka eta Osakidetzaren defentsan. Sindikatuek salatu dutenez, ixteko erabakia profesionalen, sindikatuen eta herritarren irizpidearen aurka hartu da, baita justiziaren irizpidearen aurka ere; izan ere, Justizia Sailak kautelaz bertan behera utzi du itxiera eta Gurutzetako Ospitalera eramatea, Osasun Sailaren jarrera gaitzesten duen auto batean. Hala ere, Osakidetzak dagoeneko iragarri du, aho batez aurka egon arren, helegitea aurkeztuko duela. SATSEk, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk autoa ez errekurritzea eskatu diote, erabakian atzera egitea eta negoziazioa berreskuratzea, osasun sistema publikoak dituen egiturazko arazo larriei premiaz heltzeko. Sindikatuek manifestazioa deitu dute ostiral honetarako (abenduak 2), 17:30ean, Basurtuko ospitaletik abiatuta.

ELAk, LABek, CCOk eta UGTk adierazi dute epaitegiak emandako azken autoak sindikatuek salatutakoa islatzen duela:

Negoziaziorik eza: ebazpen judizialak adierazten du Osakidetzak alde bakarreko erabakiak hartu dituela, arbitrariotasunez eta bere borondatearen arabera. “Jarrera inposatzaile eta diktatorial” horrek eraman ditu sindikatuak, behin baino gehiagotan, Osasuneko Mahai Sektorialetik altxatzera.

Pribatizazioa: Basurtuko bihotzeko kirurgia zerbitzua ixteak eta, ondorioz, murrizteak osasun pribatuari atea irekitzea dakar. Araban eta Gipuzkoan zerbitzu hori osasun pribatuarekin azpikontratatzen da. Orain, Bizkaian dauden bi zerbitzuetako bat kendu da, eta horrek pribatizazio horretan beste urrats bat egitea dakar.

Aurrezteko irizpideak: Osakidetzak irizpide ekonomikoak baino ez ditu aintzat hartzen osasun zerbitzu publikoa antolatzeko orduan. Orain planteatzen den murrizketa horren ondorioa da.

Zerbitzuaren kalitatea murriztea: murrizketa horrek zaildu egiten die herritarrek jaso ahal izatea bihotzeko kirurgiaren zerbitzua, eta horrek eragin zuzena du herritarren osasunean.

Sindikatuek adierazi dutenez, zerbitzuen desegitea ez da Osakidetzan modu isolatuan gertatzen. Lanaren gainkarga sistematikoa da: kolapsoa zerbitzu jakin batzuetan, behin-behinekotasun tasa altuak, langile gutxi... Arazo horiek bereziki gertatzen dira Lehen Mailako Arretan eta ospitaleko larrialdietan. Arazo horiek azken urteetan aplikatutako erabaki politikoen eta murrizketen ondorio zuzenak dira.

Basurtuko Ospitalearen adibidearekin jarraituz, sindikatuek behin eta berriz salatu dute beren larrialdien ohiko kolapsoa. Ez dugu ahaztu behar Osakidetzak Deustuko (Bilbo) EAGren ordutegia murriztu zuela, eta horrek eragin zuzena du kolapso horretan. Hori adibide bat baino ez da, azpimarratu dutenez.

Gainera, itxaron zerrendak maximo historikoetan daudela adierazi dute. Sailburuak pandemiari egotzi dio egoera horren errua, errudun bakarra Osakidetza eta bere politikak direnean, adierazi dutenez.

Puri purian daude Sagardui sailburuak ekainean esandakoak, kultura aldaketa sustatzeko beharra defendatu zuenean. Praktikan, aurreratzen hasi zen lan baldintzak prekarizatuko zituela eta murrizketak ezarriko zituela. Basurtuko Ospitaleko bihotzeko kirurgiaren itxiera horren isla da. “Sagarduik eufemismoak erabili zituen orduan eta ospitaleetako espezializazioaz hitz egiten zuen, baina praktikan murrizketak iragartzen ari zen”, azpimarratu dute.