Mobilizazioei berrekin diete Gipuzkoako zahar-etxeetako langileek

2018/05/18
Urte eta erdi joan da negoziazioak hasi zirenetik Gipuzkoako adinekoen egoitzetako hitzarmen berria adosteko eta indarrean zeuden enpresa-hitzarmen kolektiboak berritzeko. ELAren asmoa oso argia izan da hasieratik: akordio bakarra egitea eta bi esparruetako hitzarmen kolektiboak sinatzea (sektore-hitzarmena eta enpresa-hitzarmenak aldi berean sinatzea). Negoziaketaren egungo blokeo egoera eta Foru Aldundiaren utzikeria ikusita, mobilizazio planari ekitea erabaki du ELAk eta Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea deitu du.

Gogoratu, denboraldi honetan, patronalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak beren proposamena azaldu dutela: enpresa-hitzarmena duten langileen soldatak izoztea, eskubide sozialak ezabatzea (hobekuntzak dituzten langileak zigortuz), enpresa-hitzarmenak indargabetzea (hori baita erreformaren aurkako klausulak bermatu daitezkeen esparru bakarra), eta hainbat eta hainbat egoitzetan dauden hobekuntzak desagertzea, alegia, 2005-2008 abiapuntu hartzea nahi dute; egungo zaintza sistema jasangarria ez dela argudiatuz.

Ezin dugu ahaztu, egungo negozio eredu hau, arduradun politikoek eta patronalek adostutakoa dela, eta emakumeak esplotatu eta prekarizatzera espresuki bideratua dagoela. Azpimarratu, pribatizatuta dauden beste negozio eremu batzuetan eta langileen %90 gizonezkoak direnak, soldata arrakala 6000 eurokoa dela (%30).

Berriki, martxoaren 8an, euskal erakunde gehienek bat egin dute emakumeok pairatzen dugun soldata arrakala eta diskriminazioarekin bukatzeko aldarriarekin. Gipuzkoako Foru Aldundiko hainbat arduradun azaldu dira etengabeak diren desberdintasunak gainditu behar direla onartuz, eta, zentzu horretan, pauso irmoz aurrera egiteko konpromisoa hartzen dutela ere baieztatu dute. Gainera, justizia eta errespetuagatik, adorearekin eta ausardiaz aurre egiteko beharra ikusten dute, gehiago edo gutxiago ikusten diren, baina emakumeen etorkizuna baldintzatzen duten arrakalei.

ELAn jakin badakigu, luzea eta gogorra izango dela gure oraingo borroka hau ere, gure negoziazio kolektiboaren alde, gure lan-baldintzak berehala normalizatzeko, soldata arrakalekin bukatzeko pausoak emateko, guk kaleak garbitzen dituzten gizonezkoek baino %30 gutxiago kobratzen dugu, negoziazio-esparru guztiak mantentzeko (ez diegu utziko gure enpresa-hitzarmenak deuseztatzen) eta gure sektorean nagusi den prekarietatea (20 minutuko atsedenaldi ordaindua, ratioak, plusak -antzinatasun, igande, jai-egun, gaueko...- dezente hobetu, bikoizketak kendu), behingoz ezabatzeko bidean aurrerapauso nabarmena ekarriko duten hitzarmen kolektiboak sinatzeko.

Guzti honengatik, Gipuzkoako Foru Aldundiari dei egiten diogu, lehenbailehen errealitate anker honi aurre egin diezaion, eta justizia eta errespetuagatik, emakumeen oraina eta etorkizuna baldintzatzen dituzten arrakala guztiekin bukatzea eskatzen diogu.