ARKAUTIKO SUHILTZAILEAK
Oposizioan azterketa euskaraz egiteko aukerarik ez
2022ko Araba eta Gipuzkoako suhiltzaile oposizioa prestatzen ari ziren hautagaietako batzuek azterketa psikoteknikoa euskaraz egin nahi izan zuten eta Arkauteko azterlariek ez zieten aukerarik eman hala eskatu zuten arren. Bestelako azterketak ere euskaraz egin nahi izan zituzten, baina ikasketa material gehiena gaztelania hutsez egonik gaztelaniaz egitera behartuta ikusi zuten beren burua.
Ikasketa prozesu luzea eta gero, hautaketa froga bat gaztelaniaz egin behar izateak hautagaiei zailtasun gehigarri bat suposatzen die, eta, gainera, azterketa psikoteknikoa bere ama-hizkuntzan egitea debekatu zieten azterketa hori euskaraz egiteko prozedura homologaturik ez dutelako.
Hautagaietako batek, urriaren 25ean oinarrietan agertzen zen epaimahai kalifikatzaileari helbide elektronikora idatzi zion, azaroaren 26an egingo zen hautaketa prozesuaren inguruko zalantza argitzeko: ea hautaketa prozesuan atal teorikoa gazteleraz eta psikoteknikoa euskaraz egiteko aukerarik egongo ote zen. Azaroaren 7ko emailak baiezko erantzuna eman zion, arazorik ez zela egongo. Azterketa egunean, baina, ez zioten azterketa euskaraz egiteko aukerarik eman, ariketa batzuk gaztelania hutsean besterik ez zeudelako. Gerora jakin du ez dagoela azterketa hori euskaraz egiterik ez dagoelako azterketa hori euskaraz homologaturik. Epaimahaiarekin hitz egitera hurbiltzean erantzun bakarra erreklamazioa egiteko aukera zutela adieraztea izan zen. Halere, egindako erreklamazio guztiak atzera bota dizkiote.
Salaketa juridikoaz gain, hautagaiek Arartekoari kexa helarazi zioten eta honek arrazoia eman die. Beste hainbat urraketekin batera, suhiltzaileen oposizio bateratuan hizkuntza eskubideak ere zanpatuak izan ziren.
Hautagaien hizkuntza eskubideak zapaltzeaz gain, aurretik egoera hori aurreikusteko aukerarik ez izateak urduritasun gehigarri bat suposatu zuen, azterketan ere ondorioak izan ditzakeena. Berez oposizioa prestatzea zaila baldin bada, administrazioak eragindako estres linguistikoak are zailagoa egiten du. Horrelako egoerak ikusita normala da hautagai gehienek azterketak gaztelaniaz egitea ontzat ematea, euskaraz egiteak zailtasun gehigarriak besterik ez dakartzalako.
Gertatutakoa berdintasun printzipioaren eta hizkuntza eskubideen kontrakoa da. EAEn euskara zein gaztelania hizkuntza ofizialak izanda, oposizio publiko batean aukerako hizkuntza erabili ezin izatea hizkuntza eskubide urraketa larria da. Horregatik,ELAk Arkauteko Akademiari exijitzen dio azterketako atal hori baliogabetu eta kalifikazioa moldatuz edo froga psikoteknikoa eskatutako hizkuntzan errepikatzea euskaraz egitea eskatu zuten hautagai guztiei.