Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko grebak jarraipen zabala izan du
Sindikatuek ziurtatu dute, gainera, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko Zuzendaritzak berriro urratu duela langileen grebarako eskubidea, eta gogorarazi du aurreko greba egunetan Lan Ikuskaritzak hala egiaztatu zuela. Beste behin ere, zentroko grebalariak ordezkatzea agindu du, eta horrek agerian uzten du zentroa eta Osakidetza grebaren eragina minimizatzeko ahaleginetan ari direla.
Kexu dira Osakidetza ez dagoelako prest langileen aldarrikapenei erantzuteko. Mahai Sektorialak apirilaren 1ean egin berri duen bileran, erakunde publikoak are gehiago sakondu zuen zentroko plantillaren diskriminazioan. Izan ere, bertan adierazi zuen ez dela lehentasunezko gastua, eta langile horiek ez dutela funtzio espezializaturik egiten.
Bitartean, egun bat lehenago, Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen 2021ean 600 milioi euro aurreztu zituela. “Argi dago, beraz, Eusko Jaurlaritzak ez duela lehentasunik osasunean inbertitzeko”, salatu dute sindikatuek.