Olentzerok 'prekaritatearen gutunak' banatu ditu Bizkaiko Foru Aldundian, Bizkaiko erresidentzietako egoera salatzeko

2021/12/14
Olentzerok bat egin du gaur, abenduak 14, ELAko Bizkaiko erresidentzietako langileek deitutako greba egunarekin. Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, eta kamiseta berdeekin jantzitako langileek lagunduta, Olentzerok gutunak banatu dizkie ordezkari politikoei, zahar egoitzetako langileek pairatzen duten prekaritatea azaltzeko. ELAk gogorarazi duenez, azken urte eta erdian egindako 10 negoziazio mahaietan, patronalak eta Aldundiak soldatak izoztearen, lanaldi partzialekin jarraitzearen eta langileak lehen egunetik ez ordezkatzearen aldeko apustua egin dute, besteak beste, beharginen eta zerbitzuaren kalitatearen kaltetan; hori guztia Bizkaiko Foru Aldundiak GESCA, Lares eta Elbe patronalentzat 255 milioiko aurrekontu partida onartu duenean. “Diru publikoa eman zaie, baina diru hori ez da erabiliko erresidentzietan lan egiten duten eta bizi diren pertsonen lan eta bizi baldintzak hobetzeko, negoziazio mahaietan ikusi den bezala”.

Sindikatuak premiazkotzat jo du hitzarmen kolektiboa berritzea eta zaintza eredua errotik aldatzea. Hala, zerbitzua publifikatzea, egonkortasuna ematea eta enplegua eta ratioak hobetzea exijitu du. Zaintzaren arretarako funtsezkoak diren alderdiak negoziatzea eta adosteko eskatu du, hala nola profesionalak lehen egunetik ordezkatzea, lanaldi osoko kontratazioa, soldata eta lan baldintzak GUFErekin (Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea) parekatzea eta lanaldi partzialeko kontratuekin amaitzea, besteak beste.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak % 100ean ezarri ditu, beraz, ez du errespetatzen 5.000 langileren grebarako eskubidea. “Erabaki horrekin Aldundiaren eta patronalen alde egin du, hau da, pribatizazioan eta negozioan oinarritutako zaintza eredua babesten ari da”.

ELAk iragarri du greba egun gehiago izango direla datozen hilabeteetan, eta bere esku dagoen guztia egingo duela patronalak, Bizkaiko Foru Aldundia eta Lan Saila behartuta egon daitezen erabaki bidezkoagoak eta orekatuagoak hartzera herrialde honetako egoiliar, senide, langile eta gizarte osoarentzat.