EAEko irakaskuntza publikoaren esleipen sistema berriak dituen arazo asko inprobisazioaren ondorio direla salatu du ELAk

2019/09/16
ELAk deiturik Hezkuntza Publikoko irakasleek kontzentrazioa egin dute Lakuan, Ordezkagune EAEko Irakaskuntza Publikoko esleipen sistemaren kudeaketa txarra salatzeko. Era berean, irakasleek bizi duten prekaritatearekin eta %40ko behin behinekotasunarekin amaitzea eskatu du sindikatuak. "Maiatzean bezala, orain ere irakasle askoren kexak jasotzen ari gara; argi dago Ordezkagune sistemak dituen arazo asko inprobisazioaren ondorioa direla", baieztatu dute ordezkariek.

“2019/20 ikasturtea ere hitz politez ahoa bete-bete hasi du Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza Sailburua den Cristina Uriartek. Propaganda guzti hau irentsita edonork pentsa lezake Hezkuntza Publikoa sasoi betean dagoela. Zoritxarrez, ikasturte amaieran Hezkuntza Publikoak bizi duen egoera larria salatu bagenuen, ikasturtea hasi berri den honetan egoerak okerrera egin duela salatu beste erremediorik ez zaigu geratzen”, adierazi du ELAk kontzentrazioan.

Azaldu dutenez, egoera gordinaren adibide garbia da irakasleen artean behin-behinekotasun maila onartezina den %40koa izatera iritsi izana. “10 irakasletik 4 behin behinekoak dira egun. Jaurlaritzak urte luzeetan irakasleak modu prekarioan (behin-behinekotasun egoeran, EPE dinamika perbertso batetan, Euskal Herriko punta batetik bestera bueltaka...) bere beharrak betetzeko erabili ostean, langile hauek kontsolidatzetik eta behin-behinekotasuna %6ra jaistetik urrun dauden prekarietatea kudeatzen jarraitzeko neurri injustu eta txapuzeroak besterik ez ditu jarri mahai gainean, izugarrizko arriskuak dituen sasi-egonkortasun proposamena edota izugarrizko arazoak ematen ari den ordezkagune aplikazioa kasu”.

Aurreko ikasturtean esandakoa berretsi du ELAk: aurrera eramandako mobilizazio jendetsuen ondoren, grebara bultzatutako arazo eta aldarrikapenei erantzuten ez zien eta Hezkuntza Sailak STEILAS, LAB, CCOO eta UGTrekin sinatu zuten akordioak jasotzen eta zehazten zuen neurri bakarra ordezkapenak lehen egunetik egitea zela. Bada, salatu dutenez, puntu hau ere ez dute bete eta gainera izugarrizko arazoak sortzen ari den ordezkagune sistema telematikoa jarri dute martxan inolako negoziazio edota azalpenik eman gabe. “Orduan kontziente ginen fondoko arazoak konpondu gabe, hau da, greba eta mobilizazioetan aldarrikatzen genuen moduan behin-behinekotasuna %6ra jaitsi arte, ezinezkoa izango zela irakasleek bizi duten prekaritatearekin amaitzea alde batetik, eta kudeaketa egoki bat egitea bestetik”.

Irailaren 10ean Hezkuntza Sailak irakasleen ordezkapenak kudeatzeko sistema berria jarri zuen martxan. Lehenik eta behin salatu nahi izan dute sistema hori Hezkuntza Sailak aldebakarrez erabaki eta antolatu duela, ELAri inolako informaziorik eman gabe eta bere parte hartzea bermatu gabe. 2019ko maiatzean, lehenengo frogak hasiko zirela jakin zutenean, urgentziazko bilera eskatu zuen sindikatuak, aplikazio berriaren edukia ezagutzeko behintzat. Izan ere, sistema honen inguruan ELA ez dagoen akordioaren jarraipen batzordean ari ziren negoziatzen. Ondoren, behin eta berriz, aplikazioa ikuskatzeko aukera izatea eskatu dute eta erantzun orain arte ezetza izan da. Maiatzean bezala, orain ere irakasle askoren kexak jasotzen ari da sindikatua, Ordezkaguneak eman dituen arazoen aurrean. Zentzu horretan, Hezkuntza Sailari gardentasun falta leporatu diote, sistema berri honek behar duen denbora eta prestaketa eskaini gabe aplikatu delako.

ELA sindikatutik argi utzi dute greba eta mobilizazio indartsu bidez soilik dela posible Hezkuntza Publikoak bizi duen egoera larri eta jasangaitz honi eta bertako langileen prekaritateari buelta ematea. Hezkuntza Sailak ikasturteari murrizketa eta prekaritate gehiagorekin eman dio hasiera, eta ELAtik langileak antolatu eta sektore ezberdinetan greba eta mobilizatzioak sustatzen emango diote. Horregatik, Hezkuntza Publikoko langile guztiei borroka honetara batzeko deia egin diete Hezkuntza Publikoaren alde eta prekaritate, murrizketa, diskriminazio eta pribatizazioaren aurka.