Osakidetzak ez du aldatu 3535 lanpostuetako EPEaren planteamendua, 24.400 behin-behineko langile eduki arren

2021/04/29
Mahai Sektorialeko bileran Osakidetzak argi utzi du azken hamarkadan aplikatutako murrizketak betikotzearen aldeko apustua egiten jarraitzen duela, eta ez duela inolako borondaterik gure osasun-sistema publikoak pairatzen duen behin-behinekotasun tasa onartezinari amaiera emateko irtenbideak abian jartzeko.

Osakidetzako langileek jasan dituzten zuzeneko soldata-murrizketetako bat lanbide-garapeneko osagarrian aplikatu zen 2011n. Epaitegiek arrazoia eman zioten ELAri, eta murrizketa legez kanpokoa zela adierazi zuten; ondorioz, Osakidetzak langileei zor zizkien osagarriak ordaindu behar izan zizkien, 130 milioi euro baino gehiago.

Epaitegiek hori adierazi bazuten ere, Osakidetzak murrizketari eutsi dio orduz geroztik; izan ere, indarrean dagoen araudiak urteko deialdiak egitera behartzen badu ere, uko egin dio deialdi horietako bat bera ere martxan jartzeari, murrizketa hori betikotuz eta langileen arteko diskriminazioa eraginez: osagarria jasotzen dutenen eta ez dutenen artean, eta baita legokiekeena baino gutxiago jasotzen dutenen artean, ez baitute aukerarik izan egin gabeko deialdi horietan parte hartzeko. ELAk bide judizialari ekin zion Osakidetzak langileei zor dizkien 150 milioi euro erreklamatzeko, eta gaur prozedura horren epaiketa egin da.

Testuinguru horretan, Osakidetzak murrizketa hori betikotzea eta mantentzea proposatu du gaurko Mahaian; izan ere, nahiz eta osagarri horri buruzko proposamen bat aurkeztera behartuta egon, mobilizazioaren presioaren eta prozedura judizialaren beraren ondorioz, Osakidetzak planteatzen duena da plantillak uko egitea 7 urteko soldatari. ELAk ez du murrizketarik onartuko edota babestuko.

Era berean, Osakidetzako langileen behin-behinekotasun tasa oso altuei irtenbide egokia emateko borondaterik ez dagoela egiaztatu dugu berriz ere. Joan den apirilaren 22an greba deitu genuen sektore publiko osoan. Gure sektore publikoak Europa osoko behin-behinekotasun tasarik altuena dauka, eta Osakidetza horren adibide ona da: Eusko Jaurlaritzak berak emandako datuen arabera, gaur egun Osakidetzaren behin-behinekotasun tasa %58koa da eta 24.400 langileri baino gehiagori eragiten die. Nahiz eta datuak oso larriak izan, Osakidetzak aurrera jarraitzen du 3535 lanpostuetako EPE baten planteamenduarekin, azken EPEa eta gero izan diren baja begetatiboak ia betetzen ez dituen EPE bat.

Azkenik, eta hainbat kolektibok (besteak beste, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak) gaur egun langileen artean dagoen diskriminazioa amaitzea eta %4ko soldata-osagarria ordaintzea eskatzeko egindako aldarrikapenen eta mobilizazioen ondoren, Osakidetzak proposamen guztiz eskasa ekarri du mahaira. Alde batetik, Lehen Arretako eta EAGetako langile asko kanpo uzten ditu, eta, gainera, 2023rako planteatzen du ekiparazioa, epe hori guztiz onartezina delarik. Ekiparazioa berehalakoa izan behar du.

ELAtik berriz ere eskatzen diogu Osakidetzari negoziazioaren aldeko  eta gure osasun sistema publikoa indartzearen eta garatzearen aldeko benetako apustua egin dezala, eta horrek, ezinbestean, Osakidetzak aspalditik dituen egiturazko arazo larriak konpontzea eskatzen du.