BEHIN-BEHINEKOTASUNA
Osakidetzak benetako datuak ezkutatu nahi ditu

Osakidetzak bileran egindako proposamenean, 2024ko EPE bat planteatzen du, guztira 1.892 plazakoa (birjarpen-tasa gehi tasa gehigarri bat). Planteamendu hori Madrilek ezarritakoaren menpe dago. Azken asteetan behin eta berriz entzun diogu Lehendakariari propaganda egiten, eskumenen balizko transferentzia batekin. Hala ere, ez du ezer esaten Madrilek hamarkada bat baino gehiago ezarri duen betoaz, birjarpen-tasen bidez, sektore publikoko enpleguaren inguruan ditugun beharrak hemen erabakitzea eragozten baitu. Ez dago inolako borondaterik praktikan baliogabetu den eskumen hori berreskuratzeko.
Osakidetzaren asmoa da, behin 2023ko EPEari dagokion hautaketa-prozesua (1.265 plaza) eta orain alde bakarrez onartutako 2024ko EPEa (ez du mahai sektorialeko sindikatu bakar baten babesik lortu) deitu ondoren, behin-behinekotasuna %9,73koa izatea. Datu hori faltsua da, eta, gainera, tranpatia; izan ere, kalkuluetan, Osakidetzak ahaztu egiten ditu aldi baterako 6.000 langile, gehienak urteak daramatzatenak kontratuak kateatzen. Zehazki, Osakidetzak 2.879 plaza ditu koderik gabe, eta horiek betetzea ezinbestekoa da zerbitzuaren ohiko funtzionamendurako. Ohiko beharrei erantzun arren, modu irregularrean formalki sortu gabe dauden plazak dira.
Iceta Legeak berak lanpostu horiek egiturazkotzat jo zituen eta egonkortzeko hautaketa-prozesuetan deitzeko aukera eman zuen. Besteak beste, 100 familia-mediku, 950 erizain eta 100 zelari ditugu egoera horretan. Bada, Osakidetzak, 2024-2028 plangintza estrategikoko dokumentuan, ez ditu plaza horiek aipatu ere egiten, bere ustetan ez baitira egiturazkoak, eta, beraz, ez du inolako neurririk proposatzen plaza horiek egonkortzeko. Zer logika dago behin eta berriz esateko ez dagoela fakultatiborik eta, jarraian, 100 plaza, beste hainbeste medikuk betetakoak ez-estruktural kalifikatzeko? Benetako errealitatea ezkutatu nahi izatea da logika bakarra. Aipatu ditugun 2.879 plaza horiei, iraupen laburreko kontratuak dituzten aldi baterako beste 3.000 langile gehitu behar zaizkie.
Bileran, Osakidetzak Gabonetako Lehen Arretarako plangintza ere ekarri zuen. Edo, bestela esanda, urtero udan, Aste Santuan eta Gabonetan aplikatzen dituen murrizketak: zentroak ixtea eta/edo ordutegiak murriztea. Lehenengo murrizketak gaur bertan sartuko dira indarrean.
ELAk pasa den ekainean salatu zuen Lehen Arreta murrizketa zuzenekin funtzionatzen ari zela urtean 6 hilabetez. Profesionalen behar bezalako atsedena aitzakiatzat hartuta, Osakidetzak ezkutatu egin nahi du egiturazkoa den eta aspaldidanik ezagutzen zuen arazo baten kudeaketa falta (plantillaren erretiroen erritmoa ezaguna zen). Hori gertatzen da oraindik, Osasun Sailak ez duelako egiturazkoa den arazo bat konpontzeko neurririk hartu. Plantillaren batez besteko adina 50 urtetik gorakoa izanik, Osasun Sailak ez du belaunaldi-erreleboa planifikatu, eta premiazkoa da ildo horretako neurriak hartzea. Behin-behinekotasun tasa handiaz gain, lan-gainkarga sistematikoa dago, ez dira absentziak ordezten, langileek zailtasunak dituzte kontziliazio-neurriak hartzeko... Profesionalak badaude, baina ez dute lan-baldintza horiekin lan egin nahi. Egoerak, gainera, okerrera egingo du. 2028ra arte 4.371 erretiro aurreikusten dira, eta horietatik 732 medikuei dagozkie.