Osakidetzako Bilbo-Basurtuko zuzendaritzak behin-behineko langile eta interinoei euskara ikasteko eskaera guztiak ukatu dizkie

2014/09/23
Osakidetzak Euskara Plana aurkeztu zuenean ELAk plan horrek langileak euskalduntzeko ez edukirik ez baliabiderik ez zuela aurreikusten salatu zuen. Bilbo-Basurtu ESIaren formazio datuak ikusita argi dago Euskara Plana propaganda hutsa dela.

Bilbo-Basurtu eskualdeko zuzendaritzak (ESI) behin-behineko langile zein langile interinoak lanorduetan euskara ikasteko formazio ekintza guztietatik baztertu ditu. Langile finkoei dagokienez, lanorduetan burutu beharreko formazio eskaeren %12 bakarrik onartu du, hau da, ESI honetako langileen %0,3a euskalduntzea erraztuko du.

Datu hauek argi erakusten dute Osakidetzako euskalduntze planaren egoera. Gogorarazi behar dugu Osakidetzan behin-behineko 8.000 langile daudela. Hizkuntza betekizunak betetzen ez dituzten eta Osakidetzak formazio ikastaroetan parte hartzen ez dien pertsonentzat, hurrengo EPEei begira, euskara mehatxu bihurtzen da, formaziorako eta zerbitzu hobe bat emateko pizgarri izan beharrean.

ELAk Osakidetzaren euskalduntzea nahi du, bai euskarazko zerbitzu bat eman ahal izateko bai langileek nahi duten hizkuntzan lan egitea bideratzeko.

Horretarako ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzak euskalduntze erreala ekarriko duten bitartekoak jartzea, bai euskalduntzeko baliabideak bai txandatan lan egiten duten langileek euskara ikasteko denbora izan dezatela. Zuzendaritzak berriz ere zerbitzu hobe bat emateko ardura guztia langileei egotzi die, hobekuntza horiek emateko baliabiderik ezarri gabe. Urtero langileen %0,3 trebatuta gure osasun zerbitzua ez da hurrengo belaunaldietan euskaldunduko, bi hizkuntza ofizial dituen gizarte batean erabat onartezina den egoera bat.