Osakidetzako Lehen Arretako bigarren greba egunak aurrekoak baino jarraipen zabalagoa izan du

2019/05/17
Osakidetzaren konponbide ezaren aurrean, langileek masiboki jarraitu dute greba deialdi berria. Apirilak 12ko deialdiaz geroztik Osakidetzak birritan deitu du Mahai Sektoriala, baina bilera horietan ez du erantzunik planteatu langileek bizi duten egoera larria konpontzeko. Egoera honen aurrean, Lehen Arretako langileek greba eta manifestazio jendetsua egin dute Donostian, Osasun Delegaritzatik abiatuta, goizeko 12tan.

Lehen Arretako bigarren greba eguna ere oso arrakastatsua izan da. Zentro askotan, hainbat kategoriatan, jarraipena %100ekoa izan da, bereziki, mediku, pediatra eta administrari laguntzaileen artean. Esan dezakegu, beraz, jarraipena %65ra iritsi dela.

Lehen Arretako langileek manifestazio jendetsua burutu dute Donostian, Osasun Delegaritzatik abiatuta, goizeko 12tan.

Gogorarazi ere, aurreko greba deialditik Osakidetzak birritan deitu duela mahai sektoriala. Bi bilera horiek nahiko argigarriak izan dira: Osakidetzak ez du batere asmorik epe laburrean Lehen Arretaren egoera larriari heltzeko. Osakidetzak helburu bakarra dauka: plantilla desmobilizatzea.

Osakidetzak ez du neurri zehatz bakar bat ere proposatu; horren ordez, etorkizunean aztertu daitezkeen aukera orokorrak proposatu ditu. Baina Lehen Arretan ez dugu behar asmo oneko adierazpenik, etorkizuna bermatzeko ganorazko konponbideak baizik.

Hori horrela izanik, Osakidetzaren planteamenduek berretsi digute greba dela gure irtenbide bakarra. Osakidetzak kosta ahala kosta indargabetu nahi du greba; baina gauza bat gero eta argiago dago: mobilizaziorik gabe ez da politika-aldaketarik izango, ezta konponbiderik ere.

Azken urteotan Lehen Arretaren zerbitzua lausotuz joan da, ospitale-arretaren alde, hor negoziorako tarte handiagoa baitago norbaitentzat. Osakidetza egoera hori zuzentzeko neurriak hartu beharrean adabakiak jartzen aritu da, profesionalei zeregin gehiegi leporatuz, eta herritarrentzako arreta-kalitatea gero eta gehiago hondatuz. Lan-kargak onartezinak dira, profesionalen ordezkorik ez da izendatzen, itxaron-zerrendak gero eta luzeagoak dira, profesionalek ez dagozkien eginkizunak egin behar dituzte, eta abar.

Osakidetzak ez du inoiz aztertu nahi izan funtsezko arazoa, ez du kontuan hartu hemengo lantaldeak diziplina askotarikoak direla, eta kategoria desberdinekoak. Arazoak, beraz, osotasunean aztertu behar dira.

Premiazkoa da Lehen Arretaren eredua aztertzea: haren aurrekontua handitzea; giza baliabide nahikoak eta kategoria guztietakoak jartzea; plantillak egonkortzea; murrizketak eta eros-ahalmenaren galerak lehengoratzea; prestakuntza denei bermatzea; lan-kargak arrazionalizatzea; segurtasunezko eta kalitatezko arreta bermatzea; lan-baldintzak hobetzea; aldi baterako kontratazio gehiegizkoa amaitzea; eta azken batean, Lehen Arretaren eredu sendo, eraginkor eta jasangarri baterantz joatea, osasun-sustapena helburu izanda.

Grebaren jarraipena oso zabala izan bada ere, esan beharra dago Osakidetza saiatu dela greba oztopatzen eta indargabetzen:

  • Alde batetik, zerbitzu minimoen agintearen gehiegizko interpretazio bat egin da ESI askotan. Horrela, larunbat bateko zerbitzu eta zentro gehiagoko irekiera inposatu egin ditu. Dudarik gabe, Osakidetzak benetakoa ez den normaltasun irudi bat eman nahi du. ELA eskubide urraketa hau salatzeko urrats legalak ematen hasi zen aurreko greba deialdian.
  • Bestalde, grebaren jarraipena baloratzeko momentuan, Osakidetzak beti manipulatzen ditu datuak. Horrela, greba zenbatek egin duten baloratu beharrean, aukera hori dutenetatik (esan bezala, zerbitzu minimo lanak egin behar dituztenek, ez daukate aukera hori) oinarritzat hartzen ditu langile guztiak, jakinda ere horien zati inportante batek ezin duela grebarik egin. Osakidetzari datu errealak ematea exijitzen diogu.
  • Greba deialdi berri honetan ere grebaren kontrako neurriak jarri ditu martxan: `segurtasunaren alorreko langileak´ kontratatu ditu zentroak irekita mantentzeko.

ELAtik langileei egiten diegu mobilizatzen jarraitzeko kalitatezko osasungintza unibertsala lortu arte.