Osakidetzako Lehen Arretako hirugarren greba deialdiak ere oso jarraipen zabala izan du

2019/06/17
Osakidetzaren konponbide ezaren aurrean, langileek masiboki erantzun dute berriro ere greba deialdi berrian. Ekainaren 14an Osakidetzak mahai sektoriala deitu zuen, baina beste behin ere, ez zuen gatazka kopontzeko aurrerapausurik eman.

Lehen Arretako hirugarren greba egunak ere jarraipena masiboa izan du. Zentro askotan, hainbat kategoriatan, jarraipena %100ekoa izan da, bereziki, mediku, pediatra eta administrari laguntzaileen artean; jarraipena, beraz, %60koa izan da.

Lehen Arretako langileek manifestazio jendetsua burutu dute Gasteizen. 

Greba hasi zenetik Osakidetzak hirutan deitu du mahai sektoriala, azkenekoa pasa ekainaren 14an. Horien edukia ikusita, ondorioa argia da: Osakidetzak ez du batere asmorik epe laburrera Lehen Arretaren egoera larriari heltzeko; bere ahaleginak plantilla desmobilizatzeko baino ez dira izan.

Ekainaren 14ko bileran, bi greba egunen ostean eta hirugarren bat deituta zegoela, udarako planteamenduak bakarrik egin zituen Osakidetzak, batzuk murriztaileak, eta bat ere ez sakoneko arazoei erantzuna emateko. Ez dira etorkizuneko neurri sakonak planteatu, gaur egungo egoera larria konponduko dutenak.

Hori horrela izanik, greba da irtenbide bakarra. Osakidetzak kosta ahala kosta indargabetu nahi du greba; baina gauza bat gero eta argiago dago: mobilizaziorik gabe ez da politika-aldaketarik izango, ezta konponbiderik ere.

Premiazkoa da Lehen Arretaren eredua aztertzea: haren aurrekontua handitzea; giza baliabide nahikoak eta kategoria guztietakoak jartzea; plantillak egonkortzea; murrizketak eta eros-ahalmenaren galerak lehengoratzea; prestakuntza denei bermatzea; lan-kargak arrazionalizatzea; segurtasunezko eta kalitatezko arreta bermatzea; lan-baldintzak hobetzea; aldi baterako gehiegizko kontratazioarekin amaitzea; eta azken batean, Lehen Arretaren eredu sendo, eraginkor eta jasangarri baterantz joatea, osasun-sustapenaren helburuaren bila.

Grebaren jarraipena oso zabala izan bada ere, beste behin ere, Osakidetzak greba oztopatzeko eta indargabetzeko ahaleginak egin dituela salatu behar dugu:

  • Alde batetik, zerbitzu minimoen agintearen gehiegizko interpretazio bat egin da ESI askotan. Horrela, larunbat bateko zerbitzu eta zentro gehiagoko irekiera inposatu egin ditu. Dudarik gabe, Osakidetzak benetakoa ez den normaltasun irudi bat eman nahi du. ELA eskubide urraketa hau salatzeko urrats legalak ematen hasi zen aurreko greba deialdian.

  • Bestalde, grebaren jarraipena baloratzeko momentuan Osakidetzak beti manipulatzen ditu datuak. Horrela, baloratu beharrean zenbatek egin duten greba, aukera hori dutenetatik (esan bezala, zerbitzu minimo lanak egin behar dituztenek ez daukate aukera hori), oinarritzat hartzen ditu langile guztiak, jakinda ere horien zati inportante batek ezin duela grebarik egin. ELAk Osakidetzari exijitzen dio datu errealak ematea.

  • Gaurko egunean ere, grebaren kontrako neurriak jarri ditu martxan: `segurtasun arloko langileak´ kontratatu ditu zentroak irekita mantentzeko.

ELAk Osakidetzari eskatzen dio arduraz jokatu dezala eta negoziazio erreala ireki dezala benetazko konponbideak planteatuz. Egoera oso larria da, eta larriagoa bihurtuko da udan; premiazkoa da konpobideak martxan jartzea.

ELAk langileei  dei egiten die mobilizatzen jarraitzeko, kalitatezko osasungintza unibertsalaren alde.