Osakidetzaren gardentasun eta negoziatzeko borondate ezaren ispilu da oposaketa eredu berria

2019/10/08
Osakidetzak aurkeztu berri duen EPEaren eredu berriari dagokionez, ELAk argi dauka Osakidetzak ez duela onbideratu nahi hautaketaren oraingo sistema ustela, ezta sistemaren beraren oinarrian dagoen lan-prekaritatea ere. Argi ikusten da hori hurrengo prozesuetarako egin dituen planteamenduak ikusita. Osakidetzaren gardentasun eta negoziatzeko borondate eza ikusirik ELA, LAB eta CCOOek mahaitik altxatzea erabaki dute mahai sektoriala hasi eta gutxira.

ELAk salatu duenez EPE horretan gertaturikoa ez da kasu isolatua, horrelakoak askotan salatu izan dituelako sindikatuak. Osakidetzaren sistema ustelaren adibide bat besterik ez da, eta sistema ustel horretako gainaldean zerbitzuburu batzuk daude, Osakidetzaren Zuzendaritzaren babes osoaz. Haiek kontrolatzen dute nor ariko den lanean beren zerbitzuetan, dela izendapen finko bidez, dela aldi baterako baten bidez. Hori horrela, enplegu publikorako sarbidean errespetatu behar diren printzipioak ez dira errespetatzen, zerbitzuaren kalitatearen kaltetan.

Hautaketa-sistema garden eta berdintasunezkoa lortzeko amaiera eman behar diogu sistema ustel honi, eta baita haren azpian datzan aldizkotasunari ere. Osakidetzak  aurkeztu dituen neurriek, ordea, ez dute eragingo zerbitzuburuen zereginean, boterean eta eginkizunetan. Jatorrira jo ezean, neurriak desitxuratu eta manipulatu ahal izango dira bakan batzuen mesedetan.

Bestalde, Osakidetzaren enplegu-ereduak porrot egin duela salatu du ELAk. Oraingo enplegu-eredua ez da sortu ezerezetik, azken urteotan harturiko erabakien eta politiken ondorioetatik baizik. Osakidetzako enpleguari argazkia eginez gero, prekarietatea agertuko litzateke lehen planoan (%40).Egoera onartezina da, eta beraz pauso sendoak eman behar dira bide onetik, geroko batean berriro horrelakorik errepika ez dadin.