FUNTZIO PUBLIKOAREN MAHAI OROKORRA (EAE)
Pradalesen gobernuak inbestidura akordiori bizkar eman eta uko egin dio soldata eta enplegu publikoa hemen erabakitzeari

Eusko Jaurlaritzako 100.000 langileen baldintzak arautzen dituen Mahai Orokorraren bilera egin da Lakuan. Aldez aurretik, ELAk kontzentrazioa egin du, sektore publikoko baldintzak eta soldatak Euskal Herrian negoziatu eta adostu behar direla aldarrikatzeko, Madrilek ezarritako murrizketa politikak alde batera utzita. Izan ere, Pradalesen gobernuak proposatu du Madrilek ezarritako ontzat ematea, hau da, CCOO eta UGT sindikatuek Estatuko Gobernuarekin 2022an sinatutako akordioa betetzea. Ondorioz, 2022-2024 urte artean langileek % 6 ko erosahalmenaren galera izango dute, eta horri gehitu behar zaio 2025 urtean ez dutela soldata igoerarik izango.
ELAk bileran soldatei dagokionez, modu orokortuan 100.000 langileei % 8 ko soldata igoera aplikatzeko eskatu du, erosahalmena berreskuratzeko, eta gobernuari exijitu dio orain arte sektore batzuetan hasitako bideari jarrai diezaiola eta mahai orokorreko langile guztiei zabal diezaiela lan baldintzak hemen negoziatzeko aukera. Gobernuak ezin du kolektiboen arteko desberdintasunen alde egin, ezta orain arte bezala mahai orokorreko esparruan Estatuko sukurtsal gisa jokatzen jarraitu ere.
Era berean, ELAk Jaurlaritzari gogorarazi dio behin-behinekotasuna jasanezina izaten jarraitzen duela, Europak eskatzen duen %8tik urrun. (Osakidetzan 27.000 langiletik gora behin-behinean daude, plantillaren % 50tik gora. Hezkuntzan, plantillaren % 30 tik gora, eta Justizian 1.000 langiletik gora). Gainera, ELAk plantillak gazteberritzeko neurriak eskatu dizkio Jaurlaritzari, besteak beste.
Jubilazio partzialaren inguruan, Jaurlaritzak ez du berrezartzen jubilazio partzialerako eskubidea lan kontratudunentzat, hitzarmententan jasotzen dena betez. Horretarako, berriro ere Madrileko aitzakia erabiltzen du .
Bileran ELAk plantillak gazteberritzeko neurriak eskatu ditu. Bai funtzionario, estutario eta lan kontratudunentzat erretiroa aurreratzeko neurriak, horretarako lan kontratudunentzat guztiontzako erretiro partzialerako eskubidea berrezartzea, hitzarmenak esandakoa betez. Estatutario eta Funtzionariontzat aukera hori zabalduz edo formula alternatiboak bilatuz, hezkuntzako sukalde ta garbiketan egin den bezala eta modu orokortuan Jubilazio primak berrezartzea.
Aipatzekoa ere, beste gaien artean, lan kargak arintzeko eta lana desburokratizatzeko neurriak, langileen lan osasuna bermatzeko, prebentzio zerbitzuak indartzea eta neurri eraginkorrak hartzea, eta plantillak euskalduntzeko neurri eta baliabide egokiak galdegin ditu.