ERRETIRO PARTZIALA

Rajoyren pentsio erreformako erretiro partzial murriztaileena aplikatuko du Pradalesen Gobernuak

2024/12/10
ELAk CCOOren eta UGTren jokabidea salatzen du: beharrezkoa izan gabe, behin-behinekotasuna are gehiago handitu, funtzionario eta estatutarioentzat erretiroa aurreratzeko neurririk ez eta erretiro primen murrizketari eusten dion proposamena ontzat ematen dute.

Azaroaren 27an, Funtzio Publikoko Mahai Orokorraren bileran (Eusko Jaurlaritzako 100.000 langile baino gehiagoren lan-baldintzak negoziatzeko mahaia), Eusko Jaurlaritzako lan-kontratuko langileentzako erretiro partzialari buruzko proposamen bat aurkeztu zuen Jaurlaritzak. Proposamenak, plantillaren ehuneko oso handi bat (funtzionarioak eta estatutupekoak) kanpoan uzteaz gain, lan-kontratuko langileentzat Rajoyk bultzatutako pentsio-erreformaren aplikazio murriztaileena aurreikusten zuen:

  • Are gehiago zailtzen dira erretiro partziala hartzeko baldintzak: adina eta kotizatutako urte gehiago.
  • Langile finkoak soilik izango dute eskubide hau, eta errelebistak behin-behineko kontratua izango du. Proposamenak kanpoan uzten ditu behin behineko langile asko, jubilatzeko eskakizun guztiak beteagatik ere.
  • Gainera ez da formularik aurkeztu funtzionario eta estatutarioen erretiro aurreratua ahalbideratzeko.
  • Jubilazio primen murrizketa mantentzen du.

ELAk bilera bertan bi proposamen helarazi zizkion Gobernuari: Lehenengoa, indarrean dauden hitzarmenak bere osotasunean betetzea. Gobernuak, 2010eko Mahai Orokorraren akordioan oinarrituta (mahai sektorialen eta hitzarmen kolektiboen akordio desberdinetan garatua), erretiro partziala eta borondatezko erretirorako neurriak aplikatzea, itunduta dagoen bezala, eskubide gisa, horretarako baldintzak betetzen dituzten langile guztientzat (funtzionario eta estatutarioak barne). Eusko Jaurlaritzak, CCOO eta UGTren babesarekin, akordioa saltzen du berrikuntza bat izango balitz bezala, baina eskubidea aurreikusita dago aipatutako akordioetan.

Edo bigarren bat, gai horri buruzko akordio berri bat egitea, ezaugarri hauek barneratzen dituena:

  • Baldintzak betetzen dituzten eta hala egin nahi duten Eusko Jaurlaritzako langile guztiek (sozietate publikoetakoak barne) erretiro partziala eskuratu ahal izatea, ez bakarrik langile finkoek.
  • Ordezkoak (errelebista) lanaldi osoko kontratua izatea, eta lanpostu hori ez amortizatzea.
  • Partzialki erretiratutako pertsonaren benetako lan-denbora murrizten duten neurri guztiak aztertzea: ordaindutako lizentziak, erretiro-primak berreskuratzea...
  • Eusko Jaurlaritzako funtzionarioek eta estatutupeko langileek erretiro-adina aurreratu ahal izateko tresnak eta formulak artikulatzea, besteak beste, kolektibo osoarentzako erretiro partziala eta erretiro aurreratua, lanpostuak amortizatu gabe.

Jaurlaritzak ez du onartu ELAk egindako proposamen bakar bat ere, eta gutxiengoan, gehiengo sindikalak errespetatu gabe, bere egiten du Rajoyk bultzatutako erretiro partzialaren aplikaziorik murriztaileena. Azken aukera horren alde egin du, CCOOren eta UGTren babesarekin.

ELAk mobilizatzen jarraituko du sinatutako akordioak bete daitezen eta benetako negoziazioa has dadin belaunaldi erreleborako hobekuntzak sartzeko, hala nola, erretiro partziala eta aurreratua kolektibo guztientzat.