GIPUZKOAKO BIDAIARIEN GARRAIOA

Sinatutako aurreakordioak ez du jasotzen lanaldiaren murrizketa nabarmenik

2024/05/06
ELAk ez du sinatu LAB, UGT y CCOO sindikatuek Gipuzkoako bidaiarien garraioan lortutako aurreakordioa, ontzat ematen delako lurraldeko sektoreetan jaso berri den lanaldi handienetako bat. Horrela, sinatutako aurreakordioa aplikatzean, 2025ean, sektoreko langileek 1.777 orduko lanaldia izango dute, alegia, Gipuzkoako handienetako bat. Gainera, Espainiako Estatuak ezar ditzakeen lege aldaketen esparruaren menpe geratuko da lanaldia murrizteko aukera. Gauzak horrela, ELAk irakurketa gazi-gozoa egin du; izan ere, eduki ekonomikoetan aurrera egin den arren, ez zaio erantzun egokirik eman lanaldiaren murrizketari buruzko eztabaidari, eta hori zen, hain zuzen ere, sindikatuen aldarrikapen nagusietako bat. Maiatzaren 9an ELA sektoreko militantziarekin bilduko da hitzarmena bere osotasunean aztertzeko eta maiatzaren 20ko bileran plazaratuko duena finkatzeko.

Urtarrilean patronalarekin izandako bileran, mahaiko lau sindikatuek sinatu ahal izateko gutxienekotzat jotzen zutena jarri zuten mahai gainean, baita akordio bat posible izan zedin aldatu beharreko puntuak ere:

Soldatetan: KPIaren igoera kontzeptu guztietan eman behar zen (dietak barne).

Dietak: aurreko hitzarmeneko dieten erredakzioa mantendu behar zen eta hauen gainean urteroko KPI igoerak aplikatu.

Jardunaldia: Gure helburu den 1592orduko jardunaldiaren bidean, behintzat pausu esanguratsuak eman daitezela. Zentzu honetan, jaso beharko litzateke gutxienez 1747 orduko jardunaldia 2024rako eta 1712 ordukoa 2025erako.

Errelebo kontratuak: errelebo kontratuaren inguruan legediak finkatutako 6 urteko antzinatasuna enpresan mantentzea eta enpresa derrigortua egotea errelebo kontratua formalizatzera.

Beste kategoria bat: ezarri nahi duten kategori berria bertan behera geratzea.

Hala ere, adierazitako puntuetatik, apirilaren 29ko bileran patronalak honako hauek baino ez zituen onartu:

  • KPIaren igoera dietei ere aplikatzea.

  • Txanda-kontratua egiteko 6 urteko antzinatasuna ezartzea enpresan, eta ez 20 urteko antzinatasuna.

Bestalde, ELAk gogorarazi du lan baldintzen prekarizazioan beste urrats bat egin dela beste kategoria bat sortu baita.