LANGILE PUBLIKOAK

Soldata %2 handitzeko Espainiako Gobernuaren proposamenak erosahalmenaren galera ekarriko du hirugarren urtez jarraian

2024/06/24
Hego Euskal Herriko erakundeek eta alderdi politikoek proposamena bere egiten badute, erosteko ahalmenaren galera hiru urteotan %6 baino handiago izango da. Soldata eta enplegu publikoa Hego Euskal Herrian erabaki ahal izateko langile eta herritarren aldarria bere egiteko eskatu die ELAk erakundeei eta alderdiei.

Espainiar estatuko gobernuak bihar onar lezake gobernu kontseiluan 2024an langile publikoen soldata %2 handitzeko errege dekretua. Hala adierazi dute CCOO eta UGT sindikatuek. Beraz, proposamen hori onartuz gero, langile publikoek erosteko ahalmena galduko dute hirugarren urtez jarraian, 2023ko KPIa %3,1ekoa izan baitzen.

Proposamen hori CCOOk eta UGTk estatuarekin sinatutako 2022ko akordioaren aplikazio praktikoa baino ez da. Gogoan izan CCOO eta UGT sindikatuak gutxiengoa direla Hego Euskal Herriko sektore publikoan.

Akordio horren ondorioz, Euskal Herriko langile publikoek hiru urtean %6tik gorako erosteko ahalmena galduko dute. 2022an erosahalmenaren galera %2,9koa izan zen, eta 2023an %2,2koa. 2024ean Madrilen erabakitakoa aplikatuz gero, % 1,1ekoa izango da.

ELAk erakundeei eta alderdi politikoei eskatzen die bertan behera utz dezatela orain arteko Madrilekiko mendekotasuna, eta ez dezatela Espainiako Gobernuak, CCOOk eta UGTk soldaten eta enplegu publikoaren arloan 2022ko urrian sinatutako akordioa aplikatu. Ondorio oso larriak ditu bai langileentzat, bai zerbitzuan.

Sektore publikoko greba eta mobilizazioetan parte hartutako milaka langile publikoak mezu hori helarazi dute. ELA eskaera horretan berresten da. Horregatik, Euskal Herriko erakundeei eta alderdi politikoei eskatzen die zerbitzu publikoen alde egin, eta utz diezaietela izateari Espainiako Gobernuren ordezkaritza huts. Horretarako, beharrezkoa da euren eskumenak erabiltzea eta euren gain hartzea. Aldarri horixe bera eramango du ELAk biharko Gasteizko mobilizaziora.