Itunpeko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan grebaren jarraipena oso zabala izan da

Pasa den ikasturtean gauzatutako hiru greba egunei jarraipena emanez, sektoreko laugarren greba greba egunera eta ikasturte honetako lehenengora deituak zeuden itundutako Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako 9.000 langile baino gehiago. EAEko itundutako ikastetxeen %70 inguru dira eta 120.000 ikasle ingururi ematen diote zerbitzua.
Grebak izan duen jarraipena oso zabala izan da, aurreko hiru greba egunek izandakoaren oso antzekoa, ikastetxe eta etapa batzuetan %80tik gorakoa izanik.
Bilbon gauzatutako manifestazioan langileek izandako parte hartzea ere oso zabala izan da, EAEko hiru lurraldeetako milaka langile batu garelarik bertan.
Urriaren 10ean sektoreko bosgarren greba eguna izango da, eta sindikatuok dauzkagun aurreikuspenen arabera, langilegoaren gehiengoaren babesa izango du lanuzte horrek ere.
Langileak mobilizazio eta grebei ematen ari diren babesa ikusita, patronalek gure aldarrikapenei erantzunik ematen ez dieten bitartean, sektorean ordezkaritza dugun sindikatuok mobilizazioa bultzatzen jarraituko dugu. Patronalen aldetik erantzunik egon ezean, beraz, adostuta daukagun eta azarorako lau greba egun jarraian barneratzen dituen mobilizazio egutegiarekin aurrera egingo dugu.
Sektore honetan ia hamar urte daramatzagu hitzarmena berritu gabe; eroste-ahalmenaren galera metatuak, beraz, %10etik gorakoak dira. Pedagogien modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntza-berrikuntza langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino. Sektore honetako langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugalduz joan dira azken urteotan, kopuruz eta prekarietatez, eta horiek dira, hain zuzen, feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; hori dela-eta, premiazkoa da baldintza horiek hobetzeari ekitea.
Jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxe horietan, eta haur-hezkuntzako lehen mailetan hasi dira langileak kaleratzen. Bestalde, zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doa, eta horrek kidego jakin batzuen lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du bere baitan; 1-DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.