Zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzak ez dute oinarrizko aldaketarik proposatu Haurreskoletako egoerari irtenbidea emateko

2017/12/22
Matrikulazio prezioen baitan Haurreskolak Partzuergoaren oraina eta etorkizuna kolokan dagoen honetan, lan-karga handitzen ari direnean edota %41eko behin-behinekotasuna dugunean, arduragabekeria da Zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzak egoera honi irtenbidea emango dion proposamen zehatzik ez egitea. Eusko Jaurlaritza eta Haurreskoletako zuzendaritzarekin izandako bileran ez da aurrerapausurik eman.

Haurreskolak Partzuergoak bizi duen egoera tamalgarriari buruz hitz egiteko Eusko Jaurlaritza eta Haurreskoletako zuzendaritzarekin egindako bileran ez da aurrarapauso sakonik eman. Gai guztien inguruan hitz egiteko eta negoziatzeko borondatea agertu arren, Administrazioak ez du proposamen zehatzik egin oinarrizko edukietan, eta egiteko aukera ere airean utzi du. Egoera, bitartean, kezkagarria da: Haurreskoletako matrikulazioa behera doa prezio handia dela eta (1.500etik gora 2010etik); lanpostu ugari suntsitu dira (100dik gora 2010etik); 10etik 4 langile behin-behinekoak dira; gelako haur ratio handiegiak ditugu; hezitzaile gutxi eta lan-kargak etengabe gora doaz; eros-ahalmenean 17.300 €tik gora galdu dugu… Hona hemen kezka nagusiak:

Doakotasuna: Haurreskolen etorkizuna eta zerbitzu publiko eta unibertsala izatea bera jokoan dago matrikula prezio handien ondorioz. Jaurlaritzak garbi utzi du gai hau ez dagoela bere lehentasunen artean.

Zortzi orduko zerbitzua Haurreskola guztietan: azken urteetan etengabe eskatu dugun aldarrikapena izanik, administrazioa prest agertu da eskakizun hau aurrera eramateko eta pauso garrantzitsutzat jotzen dugu. Hala ere, arau orokor moduan bi hezitzaile bermatzeko eskaerari ez dio heldu.

Ratioak: Behar baina hezitzaile gutxiago ditugu haurreskoletan, lan-kargak biderkatzen ari dira, baina Administrazioak egoera aldatzeko presarik ez du agertu. ELAk lan-kargak arindu, ratio irizpide hobe eta berdinak ezarri eta 80 lanpostu gehiago sortuko lituzkeen proposamena berriro ere mahai gainean jarri du, baina ez dirudi Administrazioa horri heltzeko prest dagoenik.

Koordinatzaile lanak egiteko liberazio ratioak eta kooordinatzaile ordeei lana aitortu eta ordaintzearen inguruan proposamen berririk ez dute jarri mahai gainean. Koordinazio lanerako liberazio erdia emateko ezinbestekoa izango da bost gela beteta izatea eta, gutxienez, seigarrenaren erdia. Liberazio osoa emateko zazpi gela bete eta zortzigarrenaren erdia izan beharko da. Koordinatzaile ordeei 15 egun natural jarraian eginez gero, osagarria ordaintzeko prest agertu dira. ELAk, azken urteetako proposamena berriro ere plazaratu du, baina honetan ere ez dirudi administrazioa pausoak emateko prest dagoenik.

Ordezkapenak lehen egunetik, inolako Haurreskolak Partzuergoan lanean emandako urteak Hezkuntza Publikoko zerrendetan kontuan izatea aztertzeko prest agertu da Jaurlaritza. Urte askotan mahai gainean jarri dugun aldarrikapen honi sendo heltzeko eskaera egin diogu Sailburuordeari.aldintzarik gabe eta bertaratze orririk gabe egiteko prest agertu dira. Beharrik ez badago ordezkorik ez bidaltzeko salbuespena sartzen saiatu dira, baina beharrik ez dagoelako ordezkorik ez bidaltzeko eskaria egitea koordinatzaile edo hezitzaileen esku geratzeko konpromisoa onartu dute.

Egonkortasuna: egun, 500 behin-behineko langile eta %41eko behin-behinekotasuna izanda, Partzuergoaren Zuzendaritzak kudeaketako langileen 24 lanpostu EPEra ateratzeko proposamena berretsi du gaur. EPE honen baldintzak langileen ordezkaritzarekin adosteko asmoa agertu du. Urte askotan behin-behineko kontratuekin lan egitera behartuak izan diren hezitzaileen lanpostuak egonkortzeko inolako proposamenik ez dute egin. ELArentzat mahai gainean jarritakoa lotsagarria da, kontuan izanik honen ondoren behin-behinekotasuna %40tik gorakoa izango litzatekeela.

Soldatak: kontuan izanik Haurreskoletan %8,4ko eros-ahalmen galera izan dugula eta metaturik 17.300€ kendu dizkigutela, zuzendaritzak soldaten inguruan ez du inolako negoziazio asmorik agertu, gaia Eusko Jaurlaritzaren eta Mahai Orokorraren ardura dela argudiatuz.

Bajak ere ez omen dira bere ardura, Jaurlaritzarena baizik. Eta erretiro errazteko neurriak berdin.

ELAri planteamendu hau lekuz kanpokoa iruditzen zaio. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak du Partzuergoaren lehendakaritza eta Zuzendaritzaren kontrola. Eta gaur mahaian izan den Hezkuntza Sailburuordearen ahotan hau entzutea onartezina iruditzen zaigu. Puntu hauetan negoziatu nahi ez badu, edo aurrerapausorik ez badago, borondate politikorik ez duelako izango da.

Zerrendak urtero zabaltzeko proposamena eta ordezkoen araudia (kudeaketa langileak barne) adosteko asmoak ere mahai gainean jarraitzen du.

Beste behin ere, agerian geratu da kostu ekonomiko garrantzitsua duen edozein planteamendu mugatu nahi duela Administrazioak. Ez du esaten ordea, muga horiek erabaki politikoen ondorioa direla, Gobernuari babesa ematen dioten EAJ, PSE-EE eta PPk jarritako mugak direla, hain zuzen ere. Esan beharra dago, alderdi politiko horiek 107 milioi euroko murrizketa egin dutela 2009. urtetik gaur arte Hezkuntzan. Bitartean, ordea, bankuekiko duten zorra ordaintzera 1.263 milioi gehiago bideratu dituzte, edota 2.450 milioi gehiago AHT ordaintzera.

Egoera honen aurrean, iazko ikasturtean eta oraingoan, hezkuntza publiko osoan, Haurreskolak barne, mobilizazio indartsuak burutzen ari gara egoera larri honi buelta eman asmoz. Azkena %90eko jarraipena izan zuen abenduaren 12ko greba izan zen.

Gaurko bileran berriro ere argi geratu da Partzuergoaren Zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzak, hainbat gaietan pausoak emateko prest dauden arren, ez dietela benetako arazoei heldu nahi ezta irtenbide estrukturalik eman nahi ere. Uztailetik eskatu dugu grebara deitu gaituzten aldarrikapen nagusienen inguruan proposamen zehatzak egiteko, eta gaurko honetan ere, Hezkuntza Saileko Sailburuordearen presentziarekin, Administrazioak ez die gure aldarrikapen nagusiei eta Haurreskolek pairatzen duten egoera larriari erantzungo dien oinarrizko proposamenik egin.

Jaurlaritza eta Haurreskoletako zuzendaritzari eskatu diogu plantilak handitzea, lan-kargak arintzea, ratio egokiak ezartzea, langileen egonkortasuna bermatzea edota doakotasuna ahalbidetzeko neurriak mahai gainean jartzea, alegia, gai hauek guztiak negoziatzeko proposamen zehatz bat egin dezala. Horrela ez bada, mobilizatzen jarraitzea beste biderik ez digu utziko.